Plazaola bide berdea irisgarriago bihurtu dute

Guaixe 2025ko uzt. 2a, 09:30

Jendea Plazaola natur bide berdean paseatzen. ARTXIBOA

Aizkorbe eta Irurtzun arteko zatian hainbat lan egin dituzte azken hilabeteetan

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, "egokitzapen lanen ondoren, Plazaolako Bide Naturala irisgarriagoa da pertsona guztiendako Aizkorbe eta Leitza artean". Bost hilabetetan Dozena bat kilometro konpondu ditu Lakita enpresak 312.500 euro inguruko aurrekontuarekin. Lanak finantzatzeko foru administrazioak Europar Batasuneko Next Generation funtseko dirulaguntza izan du. 

Hamabi kilometro horiek lau zatitan zeuden banatuta eta haietako bat Aizkorbe eta Irurtzun artekoa zen. Bidearen zati horretan hainbat lan egin dituzte. Batetik, Aizkorberako bidean hondatuta dauden porlan zatiak konpondu dituzte. Horrekin batera, bidea errepide ondora hurbiltzen denetik Irurtzunerako norabidean, tren geltokia zegoen zabalguneraino, tarteka zoruan konponketak egin eta harri handiren bat kendu eta bide bazterrak landarez garbitu dituzte. Autokarabanen ondoko berdegunean egokitutako aulkia eta mahai moduko seinale bat jarri dituzte. Gainera, handik bide berdera ateratzeko "zubian" barandilla jarri dira. Tunelerako bidean bada bidearen puntu bat zeinetan eroritako hostoak eta adar zatiek irristakor bihurtzen duten. Zati hori garbitu egin dute. Horrekin batera, seinaleak eta km punturen bat egokitu dute. Azkenik, Irurtzungo tren geltokia zegoen tokian mugikortasun murriztuko pertsonendako aparkaleku plaza sortu eta markatu dute. 

Nafarroako Gobernuak herrialdeko turismo baliabide eta zerbitzuen irisgarritasun neurriak ezartzeko lanean jarraitzeko konpromisoa azpimarratu du, pertsona guztien bizi kalitatea, autonomia eta aukera berdintasuna hobetzeko eta helmuga irisgarria bihurtzeko.