1. Zer sentitzen da 50 urte bete dituen enpresan lan egitean?
Edurne. Poza, honen parte izateagatik. Baita erantzukizun handia ere. Kooperatiba bat gara. Gu hemen gaude beste batzuk hau utzi zigutelako.
2. Dokumentala, zergatik?
E. Batetik, garrantzitsua ikusten genuen duela 50 urte hau sortu zutenen testigantza hartzea, ez galtzeko. Beraiei aitortza egin, edo esker ona azaltzea. Batzuk ez daude hemen, baina beraien familiak bai. Bestetik, ez dugu nahi dokumentala lehengokoan gelditzea. Atzera begiratu etorkizunera esperantza eta indarra hartuta segitzeko. Kooperatibista gisa gure eginkizuna da lekukoa hartu, jaso eta enpresa ondoren etorriko direnei ahalik eta hobekien uztea.
3. Zer garrantzia du zuendako enpresaren historia-memoria jasotzea?
E. Hemen denbora gutxi daramagunok epe motzeko optikarekin ikusten dugu. Ikuspegi zabalagoa izatea garrantzitsua da ikusteko zer zailtasun handiak izan zituzten. Baina zailtasun haien aurrean denek beretik eman zuten etorkizuna izateko.
4. Historia horren transmisioa langileen artean behar da?
E. Oso garrantzitsua da. Batzuetan iruditzen zaigu azken urteetan transmisio hori ez dugula hasierakoek bezala bermatu. Urteurren ospakizunean hausnartu nahi genuke zer egin den, zertan ari garen eta zer egin beharko genukeen honek gutxienez 50 urte irauteko.
5. Zuek nola jaso duzue?
E. Hasieran egon ziren batzuengandik zer edo zer jasotzeko aukera izan dut. Duela 10 bat urte jubilatu eta urte latz-latzak pasa zituztenekin elkarlanean egoteko aukera izan dut. Azkenean hori barrura sartzen zaizu.
Ania. Nire aita sortzaileetako bat izan zen. Hemen lanean hasi baino lehen jaso nuen. Etxean gauzak entzuten dituzu. Gainera, urte oso gogorrak pasa zituzten hasieran. Eta lanean urte askoz sortzaile askorekin bat egin dugu, eta hemen urte asko pasa dituzten lankide pilarekin. Haien istorioak entzun ditugu, bai.
6. Sakandarrok badakigu enpresaren historiaren berri?
E. Guk historiaren zati bat izan dezakegu, eta kanpokoek izkinak. Dokumentala ez da enpresakoendako bakarrik, herri guztiari zabaldutakoa baizik. Sakana Group kooperatiba bat izanik, jende askoren bulkadarekin egin da. Herriari zabaldu beharra zegoela uste genuen. Uhartetik Urdiaina bitarteko jende asko eta askoren lanari esker hau aurrera atera da. Gauzak ongi egiten diren enpresa erreferentea izan nahi dugu, jendea gustura senti daiteken leku bat, jendeak bere lana eta bere bizia gara dezakeen erreferente bat izatea gustatuko litzaiguke.
7. Zergatik dokumentala eta ez liburua?
E. Bata eta bestea dira. Oraingoz dokumentala da, baina ez dago erabat bukatuta. Urtean zehar eginen ditugun ekintzekin osatuko dugu. Liburua udazkenerako izanen da.
8. Zergatik izenburu hori?
A. Sortzaileek amets bat zuten: beraien lantegia sortzea. Burniarekin lan egiten bukatu zuten. Bi ideiak lotzen ditu.
9. Zeinek parte hartu du?
A. Sortzaileek eta hemen lanean gauden batzuk ere. Kameren aurrekoa nahiko zaila egin zaigu. Dokumentala egiteko enpresa bat kontratatu dugu eta haiek ari dira arduratzen.
E. Aurkeztu dugunak 30 bat minutu irauten du. Garrantzitsuena erakutsitako testigantzak eta aurrera begirako mezuak dira. Ondoren eginen direnak gehitu nahiko genituzke.
10.Ospakizun egitaraua prest duzue?
E. Lakuntzako festetan herriari ekitaldi polit bat eskaini nahi diogu. Irailean familien eguna izanen dugu, jubilatu eta sortzaileekin beste ekitaldi bat eta lastaila hasieran instituzioei eskainitakoa, eta azaroan liburuaren aurkezpena.
11.Bitartean ohiko lana egiten?
A. Hala da, nahikoa lan. Ez da erraza.