Foru Ogasunarekin duten zorra 120.000 eurokoa edo gehiagokoa duten zergadun zordunen zerrenda argitaratu du Nafarroako Gobernuak. 2024ko abenduaren 31n 664 zergapekok 322,4 milioi euro zor zizkioten Nafarroako Ogasunari. Zordun handien zerrendan 11 zordun gehiago daude eta zor den zenbatekoa 2,8 milioi euro handitu da. Zordun handien %1,3 sakandarra da eta haiek zor guztiaren %1,05 dute. Hau da, bederatzi zergadun zordun sakandar daude zerrendan, ogasunari 3.395.837,96 euro zor dizkiotenak. Kopurua urte batean 130.171,79 eurotan jaitsi da. Horren arrazoietako bat da itxita dauden industriako bi enpresa zerrendatik atera direla.
Sakanako zorraren sektorekako azterketa eginda, industria arloko zordunek ibarreko zorraren %34,17 dute, 1.160.464,04 euro, aurreko urtean baino 130.836,84 euro gutxiago. Lau enpresa dira, eta denak itxita daude. Haietako hiru finantza erakundeek eragindako krisiak bete-betean jo zituen. Bestea berriki itxi ditu ateak. Hiru zordun ostalaritzakoak dira, eta denak itxita daude. Hiruren artean zorraren %28,01 pilatzen dute, 951.314,82 euro, 26.425,23 euro gehiago. Eraikuntza sektoreko zordun handi bakarra dugu Sakanan, finantza arloak eragindako krisiak itxiarazi zuen. Ibarreko zorraren %15,25 pilatzen du, 517.795,30 euro. Zorra bere horretan mantendu da. Azkenik, merkataritza arloko enpresak ateak zabalik ditu. Berea ibarreko zorraren %22,56 da, 766.263,80 euro, aurreko urtean baino 664,87 euro gehiago.