Haurrek autobusean dohainik bidaiatuko dute

Guaixe 2025eko ekainaren 27a

Autobusa Etxarri Aranatzen. ARTXIBOA

14 urte bitartekoendako da neurria. 15 eta 30 urte artekoek, berriz, %60ko deskontua izanen dute.

Lurralde Kohesio Departamentuak, Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, hiriarteko garraioaren (autobusa) doakotasuna aplikatuko du 0 eta 14 urte bitarteko adingabeendako. Gainera, 15 eta 30 urte bitarteko gazteek %60ko deskontua izango dute tarifa arruntarekiko, eta 30 urtetik gorakoek ere hobariak izango dituzte bidaia-tituluekiko eta %40ko deskontua tarifa arruntarekiko.

Neurri horiek garilaren 1ean sartuko dira indarrean, eta 2025eko abenduaren 31ra arte egongo dira indarrean. Zerbitzuaren doakotasuna erabilera anitzeko tituluei aplika dakieke, bai eta hileko nahiz bidaietako abonu arruntei ere, nahiz eta joan-etorriko txartelak kanpoan utzi. Neurriak urtarrilaren 28ko 1/2025 Errege Lege Dekretuaren babesean aplikatuko dira.

Berta Miranda Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren zuzendari nagusiak ekimenaren garrantzia azpimarratu du, "garraio publikoaren erabilera bultzatzen duelako, mugikortasun iraunkorragoa eta unibertsalagoa sustatzeaz gain". Helburua autobusaren erabilera erraztea da, "hiriak egituratzen dituen garraiobidea, baina baita Foru Erkidego osoko komunikabideak ere", adierazi du.