ETAk hildako nafarren zerrenda jarri dute Nafarroako Parlamentuan

Guaixe 2025eko ekainaren 30a

Plaka mustutzeko erakunde ekitaldia egin zuten. PARLAMENTUA

60 izen-abizenen artean daude Jesus Ulaiar Liziaga eta Sebastian Arroyo Gonzalez. Nafarroako Parlamentuko presidenteak “barkamena” eskatu zuen plaka jartzeko izandako atzerapenagatik.

Nafarroako Parlamentuak ETAk Nafarroan eraildakoen eta beste herri batzuetan eraildako nafarren gomutan egindako plaka mustutzeko ekitaldia hartu zuen garagarrilaren 28an, larunbatean. 60 gizon eta emakumek osatutako zerrenda Ganberaren atalondoaren goiko aldean paratu da, La tercera puerta, Foru Erkidegoan terrorismoaren biktimak omentzen dituen Javier Muroren eskulturaren ezkerraldean. Zerrenda horretan Jesus Ulaiar Liziaga etxarriarra eta Sebastian Arroyo Gonzalez altsasuarra daude.

Ekitaldian hitza hartzen lehena Unai Hualde Iglesias Parlamentuko presidentea izan zen. Esan zuenez, "Nafarroako herria ordezkatzen duen Ganberako lehendakaria" den aldetik, "barkamena" eskatu du duela bederatzi urteko ebazpena betetzean izandako atzerapenagatik. "ANVITEk zuzenean egindako erreklamazioari esker, ETAk hildako 60 pertsona eta haien senideak omenduko ditugu gaur. Modu basatian erail zituzten herritarrak gogoratzeko, omentzeko eta balioesteko gaude gaur hemen. ETAk eragindako sufrimendua eta kaltea konponezina da. Hau indarkeria eta terrorismoa bidegabeki pairatu dutenen etxea izango da beti", adierazi zuen.

Hualdek "elkarbizitza urratzen zuen odolez betetako indarkeria endemikoaren" aurrean gizartearen "ahanzturaz eta onarpenaz" hitz egin zuen, eta erakundeen jokabidea ere aipatu zuen, adieraziz, biktimekin "ez dugula maila eman. Azken legegintzaldietan pauso garrantzitsuak egin ditugu hurbiltzeko, barkamena eskatzeko eta bizikidetza berrezartzeko, baina ezin dugu iragana aldatu, ezta horren ondorioak ezabatu ere. Legebiltzar honek terrorismoaren biktima guztien memoriarekin eta omenaldiarekin duen konpromisoa eztabaidaezina da. Alberto Catalanek La Tercera Puerta eskulturaren inaugurazioan esan zuen bezala, "ezin dugu basakeria kriminala ezabatzen utzi, batzuek nahi duten bezala".

Puntu horretan, eta "ETAk hainbeste denboran eragindako bidegabekeria eta kaltea orbaintzeko zailtasuna" alde batera utzi gabe, Lehendakariak adierazi zuen oraindik ere zenbait esparrutan indarkeria horrek dirauela, "zenbait adierazpenek biktimak modu onartezinean berriro ere biktimizatzen baitituzte. Gizarte bezala eta ordezkaritza-erakunde gisa, bizi duguna kontatu eta gogoratu behar dugu, administrazio-egitura eta hezkuntza-programa egokiak izanik, errepika ez dadila bermatzeko. Bizi izan genuena ez zen gerra bat izan, eta indarkeria horrek ez zuen inoiz gertatu behar", azpimarratu zuen Hualdek.

Bukatzeko, Unai Hualdek terrorismoaren biktimen fundazio eta elkarteei dei egin die egiaren, justiziaren eta erreparazioaren aldeko lanean erakundeekin elkarlanean jarraitzeko. 


 
Biktimen ordezkaria
Jose Ignacio Toca ETAren Nafarroako Biktimen Elkarteko (ANVITE) presidenteak esan zuenez, "sentimendu kontrajarriak" dituela adierazi zuen, izan ere, aitortza horren jatorrian dagoen ebazpena onetsi zenetik bederatzi urte pasa dira, eta "ordezkari publiko bakar batek ere ez" zuen eskatu ia hamar urtetan Ana Beltranek sustatutako agindu hura betearaz zedin. "Egun berezi, eta aldi berean, arraro eta korapilatsu honetan, azkenean errealitate bihurtzen da betirako omenaldi eta oroitzapen hau, gertatutakoaren bertsio zintzo, zuzen eta egiazkoa transmititzeko ere balio beharko lukeena".

Horrela, "indarkeria terroristaren zentzugabekeria, kutsu politiko ukaezina zuena" eta "euskal gizartearen eta Nafarroako gizartearen zati handi baten axolagabekeria" aipatu ondoren, plakak omentzen dituen 60 gizon eta emakumeen "jatorri, lanbide eta egoera sozial aniztasuna" azpimarratu zuen, "850 hildako baino gehiago, 2.600 zauritu, 90 bahitu eta estortsionatu eta desplazatu kopuru kalkulaezina" ahaztu gabe. Gaineratu zuen ETAren biktimen auzia "giza eskubideen defentsaren" esparruan kokatu behar dela, "edozein aukera politiko zintzoren ideietan. Ez luke ezein alderdiren ondare edo bandera izan behar, ezta ezkertiarren edo eskuindarren ideologiaren parte ere", berretsi zuen.

Testuinguru horretan, ANVITEren atsekabea helarazi zuen "ezkutuko amnistien eta isilpeko akordioen bidez basakeria terrorista ikusezin bihurtzeko prozesua" dela eta. "Garai haietako inguru politiko eta sozialeko zenbait buruzagik ordezkari publiko gisa jarraitzen dute, damu izpirik gabe. Duela gutxi Reyes Matek gogorarazi zigun bezala, justizia konpon daitekeena konpontzea eta konponezina oroitzea da, baina sekula ez ahanztura. Ahanztura hori printzipio eta marra gorri gaindiezinei egindako traizio gisa ulertzen dugu, gizarteari, emandako hitzari, ETAren biktimei eginiko traizioa".

 
Tocak gaztigatu zuenez, "gaur aintzatetsitako 60 familietako askok ez dute parte hartu nahi izan. Sinets iezadazue esaten dizuedanean ETAren terrorismoaren biktima gutxi sentitzen direla eroso eta pozik erakundeek emandako tratuarekin", esan zuen. Bukatzeko, ANVITEko kideak ohartarazi zuen "ETAk eraildakoak ohoratzeko modurik onena dela indarkeriaren deslegitimazioaren alde borrokatzea, hizkera argi eta irmoarekin, eta hiltzaileen zigorgabetasuna eta zuriketa saihestea, haien oroimenaren aurkako irainik handiena baita. Plaka honetan agertzen diren izenen ia erdiak argitu gabeko 317 hilketa kasuen parte dira. Erakundeei dei egiten diegu irekita dauden kasuak ikertzen jarraitzeko, baita preskribatutakoak ere. Gaur, beti bezala, egia, memoria, duintasuna eta justizia eskatzen dugu biktima guztientzat".
 
Chivite
Bukatzeko, Nafarroako Gobernuko Lehendakari Maria Chivite Navascuesek oroimen plaka "Nafarroako herriaren subiranotasunaren egoitzan kokatzeak duen esangura berezia" azpimarratu zuen. "Izua gehien pairatu zutenei egindako aitortza eta omenaldia da. Garai berri baten errealitatearen parte diren beharrezko keinuak dira. Baina memoria erabilgarria izatea nahi badugu, ez dute keinuek bakarrik balio. Oroimen bizia elikatu behar da, garai batean lurralde honetan askatasunak huts egin baitzuen. Inork ez dezala berriro huts handi horretan erortzeko tentaziorik izan".

Horri dagokionez, Chivitek adierazi zuen aurrera egin nahi duela "aitortzarako sistema integral" baten eraketan, "biktimak babesteko bai maila ekonomikoan, bai asistentzian. Hartutako konpromisoaren baitan, Gobernu hau Terrorismoaren Biktimei buruzko Foru Lege proiektu berri bat lantzen ari da, errealitate sozial berriarekin bat datorrena. Biktimen minak indarrean jarraitzen du, haien eskubideen babesa hobetzeko neurriak ebaluatu eta hartu behar dira, baita indarkeriaren gaitzespen soziala ere. ETAk bere desegitea iragarri eta zazpi urtera, eta bere jarduna eten zuenetik hamalau urtera, beharrezkoa da indarkeria erabili zutenek edo babes sozial eta politikoa eman ziotenek gehiengo sozial zabalarekin bat egitea, eta gehiengo horrek oraindik ere eskatzen die hausnarketa etiko integral bat egin dezaten. Elkarbizitzarako eredu berri bat behar dugu, elkarrekiko errespetuan eta memoria kolektiboan oinarritua", azpimarratu zuen.

Lehendakariak "biktimei eta haien senideei elkartasuna helarazteko eta aitortza egiteko" deia egin zuen, "gizarte osoak partekatzen duen izugarrizko mina" pairatzen baitute. "Zuen lekukotasuna funtsezkoa da, gertatutakoaren errealitatera egokitutako kontakizun bat eratzen laguntzen du, eta horixe da, hain zuzen ere, Memoria duten Eskolak programarekin bilatzen duguna, funtsezkoa baita ikasle gazteenen balio-eskalan gaizki egon zenaren eta inoiz berriro gertatu behar ez denaren erreferentzia etiko bat egon dadin. Elkarteen lana ere gogoan dugu. Guztion artean justizian oinarritutako etorkizuna eraikitzeko ardura dugu, Nafarroa erabat anitza, demokratikoa eta baketsua eraikitzekoa".