Astekaria

"Esperientzia ahaztezina izatea espero dugu"

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko uztailaren 9a

Iker Martinez etxarriarra, Reda Naciri bakaikuarra, Luzia Andueza altsasuarra eta Ane Mendinueta arbizuarra. EUSKARABENTURA

Uztailaren 1ean abiatu ziren Iker, Reda, Luzia eta Ane gazte sakandarrak Euskarabenturan. 30 egunetan Euskal Herria zeharkatuko dute, eta lagun berriak egingo dituzte.

Uztailaren 1ean abiatu zen Euskarabentura espedizioa Atharratzetik, Zuberoan, eta hilaren 31n Getxon, Bizkaian, amaituko da. Tartean 27 herritan pasako dute gaua aurtengo edizioan parte hartzen duten 126 gazte jzioquitarrek. Euskal Herri osoko 16 eta 17 urteko gazteak dira. Uztailaren 3an Pagolara iritsi ziren eta uztailaren 4an Lartabalera jozen ziren. Uztailaren 5ean Donibane Garazin gaua pasa ondoren, uztailaren 6an autobusa hartu zuten Orreagara joateko. Bertatik, Auritzera joan ziren eta bertan gaua pasa zuten. Auritzetik Abaurregainara joan ziren, aurten lehenengo aldiz Euskarabenturan, eta uztailaren 8an Iruñera iritsiko dira, San Fermin festetan bete-betean egongo dena. Ondoren, Añana, Argantzun, Gasteiz, Izarra, Elosu, Araia, Zerain, Tolosa, Lesaka, Urdazubi, Baiona, Urruña, Donostia, Zarautz, Lekeitio, Aulesti, Gernika, Bermeo eta Bilbotik pasako dira, espedizioa Getxon amaitzeko.

30 egunez Euskal Herria zeharkatuko dute. Parte hartu duten gazteen artean lau sakandar daude: Ane Mendinueta arbizuarra, Iker Martinez etxarriarra, Reda Naciri bakaikuarra eta Luzia Andueza altsasuarra. Begiraleen taldean (xerpak deitutakoak) ere Sakanako bi gazte daude, Maialen Biain etxarriarra eta Aimar Vicente olaztiarra. Espedizioa hasi aurretik azken prestaketekin ari ziren lau gazteak. Bizitzan behin bizi daitekeen esperientzia da. 

Zer da Euskarabentura? 
Reda: 30 eguneko espedizio bat non denbora guztian euskaraz hitz egiten den. 

Eta zer egiten da 30 egun horietan? 
Ane: Euskal Herria zeharkatuko dugu. 
R. Goizean hamabost kilometro inguruko ibilaldia egingo dugu, eta gero arratsaldean ekintzak egingo ditugu. Helburuetako bat jende berria ezagutzea da. 

Nola ezagutu zenuten Euskarabentura? 
A. Luzia eta bion ahizpak duela bi urte joan ziren, eta hortik niri gogo handia sartu zitzaidan. Ahizpak esan zuen esperientzia ahaztezina dela. 
Luzia: Niri ere inbidia eman zidan kontatzen zutenarekin eta ikusten genuenarekin. 
Iker: Institutura etorri ziren eta Euskarabentura aurkezteko hitzaldi bat egin zuten. 
R. Nire kuadrillako biren arrebak ere joan ziren duela bi urte, eta bueltatzerakoan esperientzia kontatu zuten, eta animatu nintzen. 

Ç
Lau gazte sakandarrak espedizioa hasi aurretik. 

Zer egin behar izan zenuten parte hartzeko? 
A. Lan handia. 
R. Lau proiektu aukeratzeko zeuden; nik adibidez beldurrezko istorio bat egin nuen. 
A. Baita nik ere. 
L. Nik ere beldurrezko istorio bat egin nuen, eta gero lana aurkezteko marrazki bat egin nuen; gero lana testu batean azaldu behar zen. 
I. Nik beldurrezko beste istorio bat idatzi nuen. 

Zenbat denbora izan zenuten proiektua egiteko? 
R. Ni hasi nintzen entregatu baino bi aste lehenago. 
A. Egia esan, denbora bazegoen, baina uzten joaten zara eta azterketekin eta abarrekin azken momentuan egiten duzu. 
L. Pentsatzen duzu: "Egingo dut". Baina azkenean data iristen da...

Zer sentitu zenuten aukeratuak izan zinetela jakin zenutenean? 
A. Poztasun handia. 
I. Uste nuen ez nindutela hartu behar, orduan oso pozik jarri nintzen. 
R. Nik berdin; uste nuen ez nindutela hartuko; korreo bat iritsi zitzaidan, titulua ikusi nuen, eta orduan ikusi nuen: "Zorionak hautatua izan zara" jartzen zuela. Oso pozik jarri nintzen. 

Espero zenuten? 
Ez. 
A. Jende askok ematen du izena, eta ez duzu espero zu hautatua izatea. Ez duzu sinisten. 

Zer espero duzue? 
R. Lagun berriak ezagutzea eta esperientzia on bat bizitzea. 
A. Eta euskara gure egunerokotasunean gehiago erabiltzea. Euskalki berriak ezagutuko ditugu; nik uste oso aberasgarria dela beste tokitako jendea ezagutzea, badirelako politikoki eta abarrengatik beste egoera zailetan daudenak. 
K. Beroa pasatzea espero dut ere; nik ez dut beroa aguantatzen... 

Zer eraman behar duzue? 
I. Esan digute ez eramateko ezer; lehenengo egunean, Berriozarren, autobusa hartuko dugu eta bertan materiala emango digute: lau kamiseta, jertsea eta abar. Hilabete bat pasa behar dugu arropa horrekin. Egunean zehar, ibilaldian, motxila txiki bat eramango dugu, eta lo zakuaren esterillaren eta abarren motxila handiak furgoneta batean eramango dituzte. 

Non egingo duzue lo?
I. Frontoietan, eskoletan... 
A. Zaila izango da lurrean lo egitea... 

Noizbait horrelakoren batean edo kanpalekuren batean parte hartu duzue? 
Ez. 

Eta etxetik kanpo egon zarete? 
I. Reda eta biok Suedian egon ginen aste batez. Hasieran dena oso desberdina izan zen; ohituta gaude herrian gure gurasoekin eta lagunekin egotera, eta aldatzea oso desberdina da. 
L. Aste bat egon ginen kanpoan ere. 
A. Kanpaldi batean egon nintzen eta aste bat luze egin zitzaidan...  

Aurretik prestatu zarete? 
R. Egia esan, ez naiz asko prestatu, baina urte osoan zehar kirola egin dut. Ez dut uste oso zaila egingo zaidanik. 
I. Gutxi prestatu naiz. Mendira joaten naiz, baina gustatzen zaidalako; ibiltzera edo txakurrarekin joaten naiz, baina aisialdi moduan, ez entrenatzeko. 
L. Urtean zehar kirola egin dut, eta azken hilabetean mendira gehiagotan joan naiz; bestela oso gogorra egingo zait. 
A. Ni ere korrika egitera joan naiz, baina nire kabuz, ez entrenatzeko helburuarekin. 
R. Espedizioa hasi aurretik informazioan jartzen zuenaren arabera espedizio txiki bat egin behar dugu mendian hiru edo lau orduz, ohitzeko. 
Ibilbidea begiratu duzue? Zer iruditzen zaizue? 
I. Egia esan, nik ez dut begiratu. Sorpresa izango da. 
A. Adibidez, egun batean sanferminetara joango gara. 
L. Atharratzen hasiko gara, Iparralden.  
R. Eta Getxon bukatuko dugu. 

Aurretik pasako zareten herriak ezagutzen zenituzten? 
L. Oso gutxi. 
R. Bakarrik Donostia, Gasteiz, Iruñea... 

Eta aurretik bisitatu nahi zenuten toki gogokorik dituzue? 
R. Nik Baiona. 
A. Nik ez dut. 
L. Nik ezta. 

Etaparen bat bereziki egin nahi duzuena? 
A. Nik Amaiurkoa; ez naiz inoiz egon eta joan nahi dut.

Aurretik elkar ezagutzen zenuten? 
Bai; institututik. 
R. Monitore batzuk ezagutzen ditut ere; haietako bat euskara irakaslearen semea dela uste dut. 
L. Eta beste bat gure ahizpekin espedizioan egondako bat da, eta orain monitorea da. 

Eta parte harutko duten beste gazteren bat ezagutzen duzue? 
Ez. 
A. Hasieran beldur pixka bat ematen du jendea ez ezagutzea, baina azkenean mundu guztia goaz bakarrik edo ez dugula elkar ezagutzen; nik uste dut ez dugula arazo handirik izango harremantzeko. 

Zer ekarri nahi duzue esperientzia honetatik bueltan? 
R. Kontatzeko eta gogoratzeko esperientzia on bat. 
I. Leku asko ikusi behar ditugu, eta jende asko ezagutu behar dugu. Behin bakarrik parte har dezakezu.  
A. Esperientzia ahaztezin bat izatea.
L. Esperientzia ona bizitzea nahi dut. 

 

Guztira 126 gaztek parte hartzen ari dira Euskarabenturan. Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural anitzekoak dira. Herrialdeka Bizkaiko 43, Gipuzkoako 26, Nafarroa Garaiko 24 (tartean lau sakandar, Arabako hamahiru, Lapurdiko hamahiru, Baxe Nafarroako bost eta Zuberoako bi gazte izanen dira. Jzioquitarrek kamiseta laranja janzten dute. Gazteekin batera 28 lagunek osatutako lan talde urdina joaten da: bi koordinatzaile, hamabi xerpa edo begirale, bi xerpa laguntzaile, bi xerpa buru, bi mediku, hiru erizain, bi gidari, argazkilari bat, kameralari bat eta komunikazio arduradun bat. EiTBrekin egindako hitzarmen bati esker, Primeran plataforman lau ikus-entzun pieza ikusteko aukera izango da.