Txirrindularitza tropel nagusia Granadan kontzentratu zen ekaineko azken asteburuan, junior mailatik hasita profesional mailara bitarteko Espainiako Txirrindularitza Txapelketak jokatu baitziren. Nafarroako selekzioak 25 txirrindulari deitu zituen maillot gorria defendatzeko, tartean zortzi sakandar: junior mailako Ane Beltran de Heredia, Ane Berastegi, Ekain Imaz, Luca Martinez eta Ekaitz Perez, eta afizionatuen mailako Iker Gomez, Mikel Uncilla eta Aimar Tadeo. Guztiek lan txukuna egin zuten, Granadako berotzarrari aurre eginez.
Luca Martinezen domina
Junior mailatik brontzezko domina iritsi da Sakanara. Erlojupeko proban, Sierra Nevadan 8 km- ikusgarri osatu behar izan zituzten txirrindulariek. Gizonezkoetan Benjamin Noval Asturiasko txirrindularia gailendu zen (18:30), Cantabriako Ivai Villateren (19:05) eta Luca Martinez lakuntzarraren (19:23). Ekain Imaz altsasuarra hemezortzigarren sailkatu zen (20:37), 2:07ra. Emakumezkoetan ez zen sakandarrik lehiatu. Nafarroako selekzioko Paula Ostiz txapeldunordea izan zen (22:59), Alejandra Neira (Galicia) txapeldunetik 14 segundora (22:45).
Imazen ihesaldia
Junior mailako errepideko lasterketari dagokienez, gizonezkoek 121,2 km zituzten aurretik, beroak izugarri gogortu zituenak. Ekain Imaz altsasuarrak erasoa jo zuen eta 30 segundo atera zizkion tropelari, baina Benjamin Novalek atzetik erasoa jo, Imaz harrapatu, eta elkarrekin 2 km inguru egin eta gero, altsasuarra atzean utzi zuen eta garaipen ikusgarria lortu zuen (3:03:56), atzekoei 4 minutu pasa ateraz. Ekain Imaz laugarren sartu zen, 5:03ra. Luca Martinezek eta Ekaitz Perezek ezin izan zuten proba bukatu.
Ostizen alde
Emakumezkoen juniorrek 85,5 km-ko lasterketa jokatu zuten, bero galantarekin, esprint estuan bukatu zena. Photo Finish-a erabili behar izan zuten garailea nor zen erabakitzeko. Paula Ostiz nafarrak lortu zuen urrezko domina (2:28:29), Irati Arangurenen (Euskadi) aurretik. Nafarroako selekzioak Ostizen aldeko lan ederra egin zuen. Ane Beltran de Heredia 32. sailkatu zen, 6 minutura (2:34:29). Ane Berastegik ezin izan zuen proba bukatu.
Iker Gomezen Top5a
Afizionatuen mailako gizonezkoek 14 kilometroko erlojupekoa jokatu zuten Sierra Nevadan, surik gabeko infernuan. 23 urtez azpiko txapelduna Gaztela Manchako Adrian Fajardo izan zen (30:38), Unai Ramos nafarraren (32:06) aurretik. Iker Gomezek erlojupeko bikaina egin zuen eta bosgarren sailkatu zen (32:44). Aimar Tadeo lakuntzarra hemeretzigarren izan zen (35:32). Emakumezkoetan ez zen Sakanako ordezkaritzarik egon.
Uncilla, lehen nafarra
Afizionatuen mailako gizonezkoek 144,7 kilometroko lasterketa mugitua izan zuten aurretik Granadan. Aurrekoetan bezala, beroa erabakigarria izan zen. Lasterketa mugitua Euskadi selekzioko Yago Agirrek irabazi zuen (3:38:52), eguneko ihesaldian sartu eta Granadako jaitsieran erasoa jo eta gero, helmugara bakarrik helduta. Lehen nafarra Mikel Uncilla etxarriarra izan zen, sailkapenean hemeretzigarrena, 5:25era. Aimar Tadeok ezin izan zuen lasterketa bukatu.
Afizionatuen emakumezkoetan ez zen ordezkari sakandarrik izan, profesional mailako lasterketetan ezta ere.