Pilota

San Fermin Pilota Torneoa, are ikusgarriagoa

Guaixe 2025ko uzt. 3a, 10:28

San Fermin Torneoan parte hartuko duten pilotariak, Santo Domingo aldapan. ASPEPELOTA.EUS

Aurten bi serietan jokatuko da Iruñeko txapelketa, eta guztira 32 pilotarik parte hartuko dute udako lehen torneo handian. Zabaletak Etxeberriarekin osatuko du bikoa, eta Ezkurdia-Martijak eta Bakaikoa-Lizeagak aurretiko kanporaketa jokatu beharko dute

San Fermin Pilota Feria nobedadeekin dator. Jaialdiak duen arrakastari –dagoeneko egun guztietako sarrerak agortu dira, uztailaren 5eko aurretiko jaialdirako eta uztailaren 7ko sanferminetako lau eta erdiko finaletako batzuk geratzen dira bakarrik– ikusgarritasun gehiago eman nahi izan diote enpresek, eta San Fermin Pilota Torneoa arten bi serietan jokatuko da, A Seriea, lehen mailakoa, eta B Seriea, bigarren mailakoa. Uztailaren 2an egin zuten udako lehen pilota feria garrantzitsuaren aurkezpena Santo Domingo kalean, hain justu entzierroko korrikalariek kantatzen dioten San Fermin irudiaren parean. 

Bi serieak
A Serieko A multzoko bikoteak Etxeberria-Zabaleta, uztailaren 5ean Labriten jokatuko den aurretiko kanporaketetako irabazleak, Urrutikoetxea-Albisu edo Larrazabal-Imaz, eta uztailaren 6an Labriten jokatuko den aurretiko kanporaketako irabazleak, Ezkurdia-Martija edo Elordi-Rezusta izango dira. B multzoko bikoteak Artola-Iztueta, Altuna III.a-Bikuña eta Peña II.a-Mariezkurrena dira. 

B Serieari dagokionez, A Seriean tokirik gabe dauden lehen mailako bi pilotari egongo dira, Erik Jaka eta Javier Zabala. A multzoa Zubizarreta III.a-Aranguren, Jaka-Ugartemendia eta Murua-Aldabe bikoteek osatuko dute, eta B  multzoa Zabala-Gabirondok, uztailaren 5ean Labriten jokatuko den aurretiko kanporaketako irabazleak, Agirre-Eskiroz edo Bakaikoa-Lizeaga, eta uztailaren 6an Labriten jokatuko den aurretiko kanporaketako irabazleak, Dario-Gaskue edo De la Fuente-Tolosa. 

11 jaialdi
Guztira 11 jaialdi jokatuko dira, 10 Labriten, eta uztailaren 7an Nafarroa Arenan jokatuko den sanferminetako lau eta erdiko final handia. Tartean, uztailaren 13an Urzante desafioa jokatuko dute Aspek eta Baikok. San Fermin Pilota Torneoko final handiak uztailaren 14an jokatuko dira.