Futbola

Altsasu, Lagun Artea eta Xota, Nafarroako Futbol Galan sarituta

Guaixe 2025ko uzt. 3a, 12:40

Altsasuko hiru taldek eta Lagun Artea eta Xotako talde banak 2024/2025 denboraldiko liga txapeldunen saria jaso zuten

Ekainaren 27an Nafarroako Futbol Federazioak 2024/2025 Gala ospatu zuen goitik behera betetako Gaiarre Antzokian. Izan ere, 800 pertsonatik gora bildu ziren jokatu berri den futbol eta areto futbol denboraldian txapeldun izandako 55 taldeak omentzera. 

Nafarroako Futbol Federazioko presidente Rafael del Amok ongietorria egin zien Gaiarren bildutako guztiei eta aurtengo txapeldunei meritua aitortu zien. Horretaz gain, aurten lehen mailara eta bigarren mailara igo diren Iosu Galech eta Alejandro Morilla arbitroak zoriondu zituen, baita zilarrezko mailara igo den Alaiz Gutierrez arbitroari. Bestalde, Carcar Kirol Klubak Karbel Saria jaso zuen, kirol balioak sustatzen dituen saria, bere jokalari bat hamarkada batez baino gehiagoz zigortu baitu, arbitroa eraso eta gero. 

Denboraldian txapeldun izandako 55 taldeen artean lau sakandar zeuden. Altsasu Kirol Elkarteak hiru sari jaso zituen: emakumezkoen preferente taldeko txapeldunarena, gizonezkoen erregional mailako laugarren multzoko txapeldunarena, eta areto futboleko gizonezkoen lehen maila autonomikoko txapeldunarena. Lakuntzako Lagun Arteak gizonezkoen kadeteen bigarren mailako laugarren multzoko txapeldunaren saria lortu zuen, eta Irurtzungo Xotak gizonezkoen areto futboleko kadeteen mailako txapeldunaren saria.