Trantsizio Energetikoko Leihatila Bakarra martxan da

Guaixe 2025ko uzt. 4a, 09:30

Lan bileran parte hartu zuten erakundeetako ordezkariak.

Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan dago. Birgaitzearekin, energia eraginkortasunarekin eta energia komunitateekin lotutako laguntzak, dirulaguntzak, laguntza teknikoa eta zerbitzuak eskuratzeko aukera emango duen informazio puntu bakarra da. 

Energia trantsizio “justu, hurbil eta eraginkor batean aurrera egiteko”, proiektu pilotua da Trantsizio Energetikoko Leihatila Bakarra. Industria, Trantsizio Ekologiko eta Digital Enpresarialaren bitartez bultzatutako ekimen aitzindaria Nasuvinsak, Sakanako Mankomunitateak, Sakanako Garapen Agentziak eta inguruko udalek elkarlanean garatu dute. Leihatilak espazio fisiko eta operatibo bakar batean lehen hiru bulegoetan egiten zena bateratzen du. Hau da, Europako Tokiko Laguntza Energetikoko bulegoak, Nafarroako Komunitatea Eraldatzeko Bulegoak eta Eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko bulegoak bat egin dute Trantsizio Energetikoko Leihatila Bakarrean. 

Bat egite horren helburua da laguntzak, dirulaguntzak, laguntza teknikoa eta birgaitzearekin, energia eraginkortasunarekin eta energia komunitateekin lotutako zerbitzuak eskuratzeko aukera erraztea da. Leihatila Larraun, Leitzaldea eta Sakanako sektore guztiak informatzeko gune bakarra izango da: herritarrak, toki entitateak eta enpresak.

Esanak
Mikel Irujo Amezaga Industria, Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilariak azpimarratu zuenez, "leihatila hau ez da soilik zerbitzu bat, baizik eta lurraldearekin partekatutako gobernantza modu berri baten abiapuntua, non administrazioa, tokiko erakundeak eta herritarrak mahai berean eseriko diren trantsizio energetikoa modu errealean bultzatzeko".

Nasuvinsatik, Raquel Zulaikak gogorarazi zuen ekimen hori 2021etik egindako lan jarraitu baten emaitza dela, eta nabarmendu du Sakana eremu pilotu gisa aukeratu dutela, "gizartean duen inplikazio sendoagatik eta erronka energetikoekin sentsibilizatuta dagoen herritar bategatik".

Bestalde, Yael Loreak, Nasuvinsako Trantsizio Energetikoaren arduradunak azaldu zuenez, "leihatila honetako zerbitzuek aholkularitza pertsonalizatua, birgaitze energetikoko prozesuetan laguntza, komunitate energetikoen eraketa, dirulaguntzen orientazioa eta sentsibilizazio-kanpainak barne hartzen dituzte".

Carlos Chocarro Nasuvinsako Lurzoru Industrialeko zuzendariordeak azpimarratu zuenez, "trantsizio energetikoak trantsizio soziala ere izan behar du, Sakanako landa-eremuko errealitateak aintzat hartu eta indartuko dituena, non herritarren konpromisoak eta hurbiltasunak eragin handiagoa duen esku-hartzea ahalbidetzen duten".

Sakanako Energia Komunitatearen izenean Jon Irigoien Fresnedak azaldu zuen egitasmoa gauzatzeko pausoak ematen dabiltzala eta helburua dela energiaren ikuspegitik ibarra “ahalik eta autosufizienteena izatea”. Azkenik, Sakanako Mankomunitateko presidente Aitor Larraza Carrerak nabarmendu zuenez, “leihatila bakarra bat dator Sakanako Mankomunitatearen eta Sakanako Garapen Agentziaren lan ildoekin. Hau da, jendeari zerbitzuak gerturatzearekin eta zerbitzu eraginkorra eskaintzearekin”. Horren adibide gisa jarri zuen udalek Eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko bulegoaren alde egindako apustua. 

Bilera
Sakanako Mankomunitatearen egoitzak Trantsizio Energetikoko Leihatila Bakarraren lehen lan-mahaia hartu zuen. Bilkurak honakoak egon ziren: Mikel Irujo, Industria, Trantsizio Ekologiko eta Digital Enpresarialeko sailburua; Garbiñe Basterra, Energia, I+G+b Enpresarialeko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia; Carlos Chocarro, Nasuvinsako Industria Arloko zuzendariordea; Aitor Larraza, Sakanako Mankomunitateko presidentea; Ander Eslava de Miguel, Sakanako Mankomunitateko gerentea; Iker Manterola, Sakanako Garapen Agentziako arduraduna; Raquel Zulaica, Nasuvinsako Errehabilitazioa Sustatzeko Arloko arduraduna; Yael Lorea, Nasuvinsako Trantsizio Energetikoko Ataleko arduraduna; eta Osane Pozueta Nasuvinsako Birgaitzea Sustatzeko Arloko ELENA teknikaria.

Jardunaldian eskualdean lortutako lorpenen berri eman zuten: eratutako hiru energia-komunitate, garatutako 25 prestakuntza-saio, hamahiru jabe-erkidegori laguntzea eta eraginkortasun energetikoaren irizpideekin esku hartutako 200 etxebizitza baino gehiago. Horren guztiaren ondorioz, CO2 isuriak %60 murriztu dira, gutxi gorabehera.

Proiektu hori Plan4CETaren parte da, Nafarroako Gobernua buru duen proiektu europarra, gobernantza energetikoaren hobekuntza sustatzen duena maila instituzional desberdinen arteko lankidetzaren bidez. Testuinguru horretan, Sakanako Leihatila Bakarra koordinazio, entzute eta ekintzarako gune iraunkor gisa sortu da, Nafarroa osoan eredu erreplikagarri bihurtu nahi duena trantsizio energetikoa guztietara hurbiltzeko.