San Fermin Pilota Feria gori-gori hasiko da. Asteburuan aurretiazko kanporaketak jokatu ziren torneoak aurten izango dituen bi serietan.
A Seriean, lehen mailan, Ezkurdiak eta Martijak bikotea osatu dute. Aurretiazko kanporaketa uztailaren 6an jokatu zuten, Labriten, Elordiren eta Rezustaren kontra. Partida potentea zen, pisu indartsuen artekoa. Sakanako bikoteak ezin hobe funtzionatu zuen, eta partida ikusgarrian, 22-7 hartu zituzten mendean Elordi eta Rezusta. Kolore bakarra izan zuen partidak, sakandarrena. Hasierako tantoetan parez pare aritu ziren bi taldeak, baina Elordi eta Rezusta 4-5 aurreratuta zeudenean, sakandarrek partidaren batuta hartu eta zuzenean joan ziren 20-5era, takada ikusgarria eginez. Ezkurdiaren boleak erabakigarriak izan ziren beste behin, eta Martijak ezin hobe babestu zuen atzeko txokoa. Elordik eta Rezustak ezin izan zuten erantzun, eta, azkenean, 22-7 galdu zuten. Beraz, Ezkurdia eta Martijak jokatuko dute San Fermin Torneoa, aspalditik sarrerarik ez duen Bomboneran.
A Serieko beste kanporaketan, Urrutikoetxea-Albisuk 22-12 irabazi zieten Larrazabal-Imazi.
Ezkurdia-Martija gaur sartuko dira lehian
Uztailaren 7ko goizean Sanferminetako lau eta erdiko finala jokatuko dute Peña II.a eta Zabalak. Gauean, 22:15ean, San Fermin Binakako Feriaren txanda izango da. Pilotari sakandar guztiak A multzoan daude. Ezkurdiak eta Martijak gaur, uztailaren 7an, Urrutikoetxea eta Albisu izango dituzte aurkari, hain zuzen ere aurretiazko kanporaketak gainditu dituzten bi bikoak. Galtzaileek Pello Etxeberria eta Zabaleta izanen dituzte aurkari uztailaren 9an, eta irabazleek arerio berberen kontra jokatuko dute uztailaren 11n. Ligaxkako biko onena final handirako sailkatuko da.
B multzoan Altuna III.a-Bikuña, Artola-Iztueta eta Peña II.a-Mariezkurrena II.a daude.
Joanes Bakaikoa, kanpo
San Ferminetako B Seriean, aldiz, berriak ez dira pozgarriak. Uztailaren 5ean Labriten jokatutako aurretiazko kanporaketan Agirrek eta Eskirozek 22-11 hartu zituzten mendean Bakaikoa eta Lizeaga. Partida gogorra izan zen, baina Agirrek eta Eskirozek hartu zuten ekimena eta Bakaikoak eta Lizeagak baino akats gutxiago egin zituzten, hasieratik bukaerara kontrolpean izandako partidan. Tamalez, Joanes Bakaikoa San Fermin B Serieko Binakako Torneotik kanpo geratu dira.
B Serieko beste aurretiazko kanporaketan Dariok eta Gaskuek 22-16 hartu zituzten mendean De la Fuente eta Tolosa, txapelketan aurrera eginez.