AHT ibilbide proiektua

AHTko zundaketak Aralarren aurki hasiko dira

Guaixe 2025eko uztailaren 8a

Jose Antonio Santano Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Estatu idazkaria ekitaldi batean hizketan. ARTXIBOA

Espainiako Garraio idazkariak esan du Aralarren laginketak "berehala" hasiko dituztela, lur sailen jabeekin zituzten arazoak konpondu baitituzte. 

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Euskal Y eta Nafarroako korridorea non bat eginen duten erabakitzeko dago. Bi aukera daude Ezkion bat egitea edo Gasteizen. Bi tren trazatuek Sakanari eraginen liokete. Erabakia hartzeko Aralar mendilerroan zundaketa hidrogeologikoak egin behar dira. Horien bidez trazadurak izan dezakeen ingurumen eragina neurtu nahi da besteak beste. Jose Antonio Santano Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Estatu idazkariak iragarri du denbora gehiago behar dutela azterketa lanak egiteko. Lanak "berehala hastea espero dugu; orain edo udaren ondoren izan daiteke", esan du.  Beraz, txosten teknikoa heldu den urte hasierarako izango dutela prest, "beharbada 2026ko udaberrirako".

Santanok adierazi duenez, "laginketak non egingo ditugun zehaztuta daukagu. Udalekin hitz egin dugu, baita partikularrekin ere. Beste batzuetan, berriz, bide edo lur publikoak bilatu ditugu, arazorik ez izate aldera», adierazi du. Elkarrizketak oso aurreratuta daudela iragarri du eta "lankidetza onean" egiten ari dira. Gaineratu duenez, guztiekin hitz egin dute eta "gauzak argi eta ordenatuta daude". Zundaketak "konplexuak" direla azaldu du. Aurreratu duenez, 300 metroko sakonera ingurukoak izanen dira, eta hilabeteak kostako dela haiek egitea. Baina ez du xehetasun gehiago eman nahi izan, "orain arte izan diren arazoak ekidin" nahi dituztelako. 

Santanok azaldu duenez, AHTren trazatua erabakitzeko txosten tekniko horretaz aparte azterketa ekonomikoa eta informatiboa ere kontuan izanen dituztela.