Uztailaren 8an abiatuko da San Fermin Herri Kirol Feria Iruñeko Foruen Plazan, 12:00etan. Uztailaren 14ra arte, herri kirolzaleek hitzordua dute bertan, egunero.
Hasteko eta behin, Nafarroako Trontza Txapelketak jokatuko dira. Gizonezkoetan, Urritzolako Aritz Legarreak Aizarotzeko Jon Etxeberriarekin osatuko du bikotea. Aurkariak Josetxo eta Iñaki Barberena (Iraizoz) eta Xabier Urrutia eta Daniel Saldias (Arraioz) izango dira. Etzanda jarritako kanaerdiko enborrari hamalau epai eta zutik jarritako kanaerdikoari lau epai egin beharko dizkiete. Emakumezkoetan ez dago sakandarrik.
Segidan, Emakumezkoen Harri Jasotze Torneoa erabakiko da. Bertan Sakanako Harri Jasotze Eskolako Ane Zestau barañaindarra eta Maika Iraizoz zenotzdarra ariko dira harriekin lanean, Isabel L. Vives eta Alba Zubiriarekin batera. Bi harri desberdinekin, 63 kiloko zilindroa eta 50 kiloko bola, bi minutuko txandak egingo dituzte.