Pilota

Ezkurdia-Martijak galduz hasi dute San Fermin Torneoa

Guaixe 2025eko uztailaren 8a

Ezkurdiari eta Martijari hankaz gora jarri zaie torneoa. JON URRIZA

Partida gogorrean, Urrutikoetxea-Albisuren kontra 22-19 erori ziren

Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak San Ferminen kapotikoaren laguntza beharko dute San Fermin Torneoko finalean sartzeko. Uztailaren 7an abiatu zen txapelketa, eta A Serieko A multzoan Ezkurdiak eta Martijak Urrutikoetxea eta Albisu izan zituzten aurkari. Partida oso gogorra izan zen: 71 minutu iraun zuen lehian 611 pilotakada gurutzatu ziren. Bi bikoak sendo aritu ziren, baina Urrutikoetxea aurreko koadroetan erabakigarriagoa izan zen, eta Albisurekin batera, partida erdialdetik aurrera aldea ateratzen hasi ziren, 21-15 aurreratu arte. Ezkurdiak eta Martijak azken saiakera egin zuten orduan, eta 21-18 gerturatu ziren, baina, azkenean, 22-19 galdu zuten. 

Ezkurdiak eta Martijak Peio Etxeberria eta Zabaleta dituzte aurkari uztailaren 9an, asteazkena. Finalean egoteko, partida 4 tanto edo alde gehiagorekin irabaztera derrigortuta daude Ezkurdia eta Martija, baina Etxeberriak eta Zabaletak oso zail jarriko diete. Horretaz gain, Urrutikoetxeak eta Albisuk uztailaren 11n Etxeberriaren eta Zabaletaren kontra galtzea beharko lukete, baita ere.