AIZKORA

Ioan Goikoetxeak eta Eñaut Oiarbidek Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketari ekingo diote

Guaixe 2025eko uztailaren 9a

Ioan Goikoetxea, Urdiaingo festetako uztailaren 4ko erakustaldian.

Iruñeko Foruen plazak txapelketako kanporaketa hartuko du uztailaren 9an

Uztailaren 9ko eguerdian Nafarroako III. Mailako Txapelketako kanporaketa jokatuko da sanferminetako herri kirol jardunaldiaren barruan. Guztira hamaika aizkolarik  parte hartuko dute, tartean bi sakandarrek: Ioan Goikoetxeak eta Eñaut Oiarbidek. Haiekin batera Iker Goldarazena, Mikel Santesteban, Julen Urrutia, Markel Iturralde, Beñat Senosiain, Ander Etxeberria, Xabier Mitxelana, Urko Erice eta Unai Valverde lehiatuko dira. Bi kanaerdiko erdibitu beharko dituzte.

Ondoren, Nafarroako Ingude Txapelketaren txanda izango da. Emakumezkoetan, Sakanako Harri Jasotze Eskolako Maika Iraizozek hartuko du parte, Maika Ariztegi, Leire Arraztoa, Iranzu Fierro, Leire Etxeberria eta Irune Biurrunekin. 9 kiloko ingudeari ahalik eta altxaldi gehien eman beharko diete minutu eta erdian. 

Uztailaren 10ean, Kadete Mailako Trontza Txapelketa eta proba konbinatuak
Uztailaren 10ean, osteguna, Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketa jokatuko da. Guztira zortzi bikotek hartuko dute parte, tartean Andra Mariko hiru bikotek: Jokin Campos eta Adur Lizarraga, Jon Orella eta Aner Artieda, eta Aizeti Agirre eta Malen Izagirre. Haiekin batera beste bikote hauek lehiatuko dira: Egoi Doncel eta Iker Urmeneta (Antsoain), Lander Flores eta Malloa Galarza (Araxes), Danel Urtxegi eta Xuban Magaña (Igantziko Biltoki), Eider Urrutia eta Oier Migeltorena (Basaburua) eta Eñaut Oteiza eta Adei Usandizaga (Basaburua). 

Ondoren proba konbinatu erakustaldia izango da. Kimuen mailan, Andra Mari, Basaburua, Igantzi eta Paz de Ziganda lehiatuko dira, haurren mailan Antsoain-Malkaitz, Basaburua eta Igantzi, eta kadete mailan Antsoain, Araxes eta Basaburua.