Sakana
Leitza, Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio Programen aurtengo udako kanpainak Burua piztu, aukerak eraiki! izenburua du. Prebentzio teknikariek azaldu dutenez, "aurtengoa 15 eta 16 urteko nerabeei eta haien familiei bideratuta dago. Helburua da nerabeen artean substantzien eta pantailen kontsumoa prebenitzea eta adina atzeratzea. Horretarako, udako oporraldian aisialdi alternatibo, aktibo eta osasuntsu baten aldeko aldarria egin dugu", azaldu dute.
Prebentzio teknikariek gaztigatu dutenez, "udako oporraldia nerabeendako aisialdirako garaia da, aukera paregabea atseden hartzeko, esperientzia berriak bizitzeko eta sozializatzeko. Baina, aldi berean, denbora libre gehiago izatean, eguneroko errutinaren hausturek eta lagunarteko presio sozialak arrisku faktore bihur daitezke, substantzien kontsumorako, lehen esperientziak hasten diren unea izaten baita".
Kanpaina
Aurtengo kanpainarekin prebentzio teknikariek nahi dute nerabeek "burua aktiboki erabiltzea, sormena eta sozializazioa sustatu, droga edo bestelako substantzien kontsumoa atzeratu eta saihesteko". Horretarako, batetik, 800 familiari eskutitz bat bidali diete. Eta, horrekin batera, alkoholari eta pantailak segurtasunez erabiltzeari buruz Nafarroako Gobernuak argitaratutako esku-orria bidali diete. Gainera, udan aplikatzeko baliagarri izan daitezkeen aholkuak ere eskaintzen zaizkie familiei.
Bestalde, nerabeek udara haien modura, buruarekin pentsatuz eta aukeratuz, presiorik gabe bizitzeko gonbitea egiten dien eskutitza jaso dute. Aisialdi aktibo eta osasuntsu baten aldeko aldarria egiten da idatzian. Eskutitzarekin batera Burua piztu, aukerak eraiki! logoa duen hiru marradun joko bana oparitu zaie. Horrekin irudikatu nahi izan da burua erabiltzearen, lagunarteko zein familiarteko sozializazioaren eta aisialdi osasungarriaren garrantzia. Gai horien inguruko informazio gehiago nahi duenak bere eskualdeko prebentzio teknikariarekin harremanetan jar daiteke.
Kontsumo datuak
Nafarroan 2024. urteko nerabeen kontsumo datuak honakoak dira:
- Bataz beste 15,8 urterekin hasten dira alkohola kontsumitzen.
- Nerabeen %40,2k alkohola erosi edo lortu du azken hilabetean.
- Nerabeen %95,3k uste du erraza edo oso erraza dela alkohola eskuratzea.
- Nerabeen erdiak mugikorrarekin egiten du lo eta bostetik bat gauean mugikorrera konektatzen da.
