Iskiza Sakana Gimnasia Erritmikako taldeak esperientzia ahaztezina bizi berri du Nafarroa Arenan. Espainiako Federazioak antolatutako formatu berri batean, Fest mailan, parte hartu zuten Iskizakoek. "Espainiako Txapelketetan parte hartzen ez duten estatu mailako taldeei zuzendua zegoen Fest maila. Helburua talde lana eta kirol balio onak sustatzea zen. Disfrutatzeko sortu den ekitaldia izan da" azaldu du Iskizako koordinatzaile Olaia Agirrek.

Hainbar komunitateko gimnastak bildu ziren. "Sortu den giroa ikaragarria izan da, primeran pasa dugu. Txapelketaz gain, jarduera ezberdinak egiteko aukera izan dute parte hartzaileek; esaterako, duela hilabete bat Europako txapeldun izan zen Espainiako selekzioarekin entrenatzeko aukera izan dute, ahaztuko ez duten esperientzia".

Uztailaren 1ean Fest mailako sailkapen orokorra jokatu zen. Kimuen Iskiza (Itsaso Aldaz, Jare Aldasoro, Irantzu Garcia, Garazi Paularena eta Mara Prieto) hirugarren sailkatu zen. "Espero ez genuen dominarekin oso pozik bueltatu ziren etxera". Haurren Iskiza (Sarai Aldasoro, Ane Arratibel, Sofia de Sousa eta Oneka Etxarte) lehenengo pasean hirugarren izan zen, baina bigarren faseko akatsak tarteko, zazpigarren sailkatu zen. Uztailaren 2ko finalean bi taldeak laugarren sailkatu ziren, dominetatik oso gertu. "Ariketa akatsik gabe defendatu zuten, eta ikaragarrizko sentsazio onarekin bukatu genuen txapelketa, pozik. Gure taldeen lanarekin oso harro gaude. Bi taldeek txapelketa ezin hobea egin zuten, urte osoko lana primeran defendatuz. Jarrera ezin hobearekin atera ziren Nafarroa Arenako pistara".

