Harri jasotzea

Ane Zestau txapeldun emakumezkoen San Fermin Harri Jasotze Torneoan

Maider Betelu Ganboa 2025eko uztailaren 14a

Ane Zestau, Sakanako Harri Jasotze Eskolako kideekin. SAKANAKO HARRI JASOTZE ESKOLA

Sakanako Harri Jasotze eskolako barañaindarrak 2.812 kilo jaso zituen

Sanferminetako Herri Kirol Feriak ikuskizun ederra eskaini zuen uztailaren 8an. Emakumezkoen San Fermin Harri Jasotze Torneoan bi harri desberdinekin, 63 kiloko zilindroa eta 50 kiloko bola, bi minutuko txandak egin zituzten harri jasotzaileek. Sakanako Harri Jasotze Eskolan trebatzen den Barañaingo Ane Zestauk lan bikaina egin zuen. Zilindroari 24 altxaldi egin zizkion, eta bolari 26, guztira 2.812 kilo jasoaz. Txapeldun handia izan zen, Alba Zubiriaren (2.786 kilo), Isabel L. Vivesen (2.221 kilo) eta Sakanako eskolan bidaide duen Maika Iraizozen (1.169 kilo) aurretik. 

Trontza
Nafarroako Trontza Txapelketetan, gizonezkoetan, Arraizko Xabier Urrutia eta Daniel Saldias izan ziren txapeldunak, etzanda jarritako kanaerdikoari hamalau epai eta zutik jarritakoari lau epai 9:41 minututan eginda. Bigarrenak Iraizozko Josetxo eta Iñaki Barberena izan ziren, eta hirugarrenak Urritzolako Aritz Legarrea eta Aizarotzeko Jon Etxeberria (25:56). Emakumezkoetan ez zen sakandarrik lehiatu. Uxue Ansorregi eta Aurkene Aroca izan ziren txapeldunak, etzanda jarritako 45 ontzako enborrari hamar epai 5:54 minututan egin eta gero.