Astekaria

'Orkestra zooragarria', 2025eko Etxepare Saria

Guaixe 2025eko uztailaren 14a

Gotzone Butron eta Aitziber Raya, erdian, saria jasotzen.

Gotzone Butron eta Aitziber Rayak irabazi dute album ilustratuak sortzeko sariketa. Sariketa lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, udazkenean. Sariketa Nafarroako hamasei toki entitatek antolatzen dute, tartean Sakanako Mankomunitateak.

Ekainaren 30ean, Iruñeko Kondestable jauregian, 2025eko Etxepare Sariko sari banaketaren ekitaldia izan zen; Gotzone Butron idazlearen eta Aitziber Raya ilustratzailearen Orkestra zooragarria lanak irabazi du. Aurten 29 lan aurkeztu dira haurrendako albumak sortzeko sariketara. Egileek 5000 euroko saria jaso dute, eta udazkenean Nafarroako Pamiela argitaletxeak liburua argitaratuko du. 

Aitziber Akerreta ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatu dute Etxepare Sariko epaimahaia. Aipatu dutenez lan irabazlea erakargarria da "begiekini gozatzeko", eta kasu honetan ere "entzuteko". Alde batetik, bikain eta neurritsu" kontatua dago istorio "dibertigarria": "Ariak kantatzen aritzen den ama kantari bikain bat, animalietan ausartenak ere liluratzeko gai izateaz gain, egunerokotasuna itzulipurdikatzeko gauza dena". 

Beste alde batetik, lanak musika klasikorako gonbita eskaintzen du, "ausardiaz ere": "Argumentuaren haria partitura bat dugu oraingoan, Laura Esquivel idazleak La ley del amor nobela egin zuen bezala, hiru kantu ditugu albuma irakurriz, ikusiz eta entzunez goza dezagun". "Gozatu" albuma hobekien deskribatzen duen aditza dela esan du epaimahaiak: "Egileek testu-ilustrazio eder eta bihurrien bitartez, orekan eta harmonian, horixe eskaintzen digutela: gozamena". 

Izenburuak dioen bezala, Orkestra zooragarria, musika eta fantasia "maistraki" elkarlotzen dira, eta umorea ere txertatuz. Epaimahaiak irudiak "oso onak" direla gaineratu du, eta testuarekin guztiz bat egiten dutela. "Erabiltzen diren plano, tamaina eta kokapen desberdinek lana borobiltzen dute". Bukaera, QR batzuk daude istorioan zehar aipatzen diren musika lanak irakurri bitartean aditu ahal izateko, "horrek irakurlea guztiz murgiltzen du eta gauza berriak ezagutzeko leiho bat irekitzen dio". 

Ipuinean zehar ere toki, hizkuntza eta kultura aniztasun keinuak daude. "Espoilerrik egin gabe, haur guztiek etxean egiten ahal duten proposamen batekin bukatzen da ipuina eta hori orrialdeetatik kanpo fantasiarekin jolasean segitzeko gonbidapena zooragarri bat da". 

Egileak
Aitziber Raya ilustratzaileak eta Gotzone Butron idazleak sortu dute Orkestra zooragarria. Raya Murgian jaio zen 2001. urtean, eta EHUn eta Unibersitat Politecnica de Valencian ilustrazioko eta Diseinuko Gradukoa ikasi zuen. Gradua amaitu ondoren, Sugaar argitaletxearekin lan egin du hainbat ilustrazio eginez, Zerbikas-en gidak ilustratu eta infografia ilustratuak garatu ditu Bartzelonako Gaudi Academia de Knowledge enpresarendako. Gaur egun, Diseinu eta Ilustrazioko master profesionalizatzailea amaitu berri du UPVn. 

Butron 1965. urtean jaio zen, Urdulizen, eta Filosofian lizentziatua da. AEKko irakaslea eta koordinatzailea da Plentzian, eta Abusuko liburutegiko arduraduna 2006. geroztik. Idazle Eskolako graduondokoa egin du, eta 2021ean Bizkaiko Foru Aldundiko Ipuinak saileko Sardinerak ipuina idatzi zuen, eta 20022an lehiaketa berean Nire Sarajevo, Bizkaldatz Jarraitzeko prest? lanarekin narrazioa sailean hasi zen. 2024an Karmele Igartua sorkuntza beka eskuratu zuen, eta geroztik haurrendako ipuinen sorkuntzan ari da. 

Nafarroako hamasei toki entitateen euskara zerbitzuek antolatzen dute Etxepare Saria haurrendako album ilustratuak sortzeko sariketa, tartean Sakanako Mankomunitatea.