Pilota

Etxeberriak eta Zabaletak Ezkurdia eta Martija San Fermin torneotik kanpo utzi dituzte

Guaixe 2025eko uztailaren 10a

Zabaletak eta Etxeberriak Urrutikoetxearen eta Albisuren kontra dute jokoan finalera sailkatzea. UTZITAKOA

Partida borrokatuan, 18-22 gailendu ziren Peio Etxeberria eta Zabaleta, eta finalerako txartela Urrutikoetxearen eta Albisuren kontra dute jokoan

Aurreikusi moduan, San Fermin Torneoko Ezkurdia-Martijaren eta Peio Etxeberria-Zabaletaren artekoa bi trenen talka izan zen. Partida oso gogorra jokatu zuten bi bikoek. Ezkurdiak eta Martijak Urrutikoetxearen eta Albisuren kontra galtzetik zetozenez, irabazi beharra zuten, eta Peio Etxeberriak eta Zabaletak irabaziz hasi nahi zuten torneoa.

Ezkurdiak eta Martijak partida ona jokatu zuten. 17-8 jarri ziren aurretik, sendo jokatuz. Baina azken txanpan ahuldu ziren, eta testuinguru horretan Peio Etxeberriak eta Zabaletak euren aukera ikusi zuten. Takada izugarriari esker, berdintzea, eta 18-22 gailentzea lortu zuten. 

Ezkurdia eta Martija San Fermin torneotik kanpo geratu dira, baina baldintzak ez dira berdinak. Lau egunetan hiru partida jokatu dituzte, aurretikoa eta torneoko biak, eta hori gehiegizkoa den ongi aztertu beharko dute enpresek. 

Peio Etxeberria-Zabaletak eta Urrutikoetxea-Albisuk uztailaren 11n jokatuko duten partidan erabakiko da bietako nor sailkatzen den uztailaren 14ko final handirako.