UEMAren ikerketa batek euskararen "galera aldi baten hasiera" islatzen du

Guaixe 2025eko uztailaren 11

Arbizu da UEMAko Sakanako bost kideetako bat. Gainerakoak Arruazu, Lakuntza, Etxarri Aranatz eta Bakaiku dira. ARTXIBOA

Ondorioen arabera 2036. urtean euskararen ezagutza maila apalagoa eta inguruan nagusiki erdara izanen da. Eremu euskaldunena ahuldu egingo da, arnasguneak ia desagertzeraino. Etxeko erabileraren, lehen hizkuntzaren eta nagusitasun eremuen bilakaerak argi erakusten dute. Gainera, haurren eta gazteen artean atzerapauso argia aurrikusten da.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) eskariz, 2036an euskararen egoera zein izango den aztertu du Siadeco ikerketa etxeak. Gertatzen ari diren aldaketa demografikoak kontuan izanda, oraingo joera soziolinguistikoak bere horretan jarraituz gero, eta euskararen egoeran eragiten duten gainerako faktoreek beste aldaketarik izan ezean, euskararen egoera hemendik 11 urtera zein izango den erakusten du ikerlanak.

UEMAko lehendakari Martin Aramendik azaldu duenez, "udalak eta udalerriak euskalduntzeko ohiko ekimenez aparte, UEMArendako giltzarriak dira udalerri euskaldunen zaintzarako eta babeserako lan-ildoak ere. Horretarako ezinbestekoa dugu udalerri euskaldunen egoera soziolinguistikoa eta bilakaera ongi ezagutzea: behatu, datuak bildu, xehatu, aztertu, bilakaera ikusi, eta diagnostiko egoki baterako gakoak izaten saiatu, ondoren hizkuntza politika eraginkorragoa eta zehatzagoa egin ahal izateko. Hori da UEMAren ikerketa ildoaren helburua, eta asmo horrekin erabaki genuen Siadeco etxeari bilakaera demolinguistikoaren inguruko ikerlana eskatzea". 

Ondorioak

Bat
Azken 30 urteotan hezkuntza arautuko hizkuntza eredu euskaldunen bidez aurrera eraman den euskalduntze prozesuaren eragina handia izango da. Handia da inpaktua gaur egungo ezagutza-datuetan, eta handia da etorkizuneko proiekzioetan ere. Izan ere, biztanle euskaldun horiek adinean gora egin ahala, eragin handia izango dute hurrengo adin tarteetako (adin-piramidearen hurrengo kosketako) euskararen ezagutza datuetan. Horri esker eusten dio, neurri handi batean, Euskal Autonomia Erkidegoak euskaldunen pisuaren hazkundeari, nahiz eta hazkunde erritmoa mantsotu. Nafarroan, aldiz, behera egiten ere hasiko da biztanleria euskaldunaren ehunekoa, ez duelako halako oinarririk.

Bi
Biztanleria euskalduna zahartze prozesuan sartuko da. Azken hamarkadetan hezkuntza arautuko hizkuntza eredu euskaldunetatik pasatako biztanleek adinean gora egin ahala, Hego Euskal Herriko biztanleria euskalduna zahartu egingo da. Areagotu egingo da 24 urtetik gorako adin tarteek biztanleria euskaldunarekiko duten pisua. Horrekin batera, azken urteotan euskararen erabilera soziala mugatu izan duen helduen ezagutza-maila apala atzean geldituko da, neurri batean. Adin tarteko biztanleriarekiko euskaldunen pisuak gora egingo du 24 urtetik gorako adin-tarte guztietan.

Hiru
Migrazio mugimenduen hartzaile izango da Hego Euskal Herria, datozen urteetan ere, eta atzerrian jaiotakoek biztanlerian duten pisuak nabarmen egingo du gora. Gainera, ugalkortasun-adinean, edo guraso izateko adinean, dagoen biztanleria izango da, oro har, etorriko dena. Lehen hizkuntzaren eta etxeko erabileraren proiekzioek erakusten dute euskara eta gaztelania ez diren beste hizkuntza batzuen pisua dela hazkunderik handiena izango duena, bi kasuetan. Eta, gainera, adinaren arabera aztertuz, erdiko adin-tarteetan antzematen da inpakturik handiena.

Kontuan hartu behar da, gainera, etorri berrietako askok gaztelania dutela lehen hizkuntza (Latinoamerikan jaiotakoen zati handi batek, batez ere). Horiek, zein etorri berrietako beste askok ere, gaztelania transmititzen diete seme-alabei eta gaztelaniaz egiten dute etxean. Hori horrela, lehen hizkuntza gaztelania edo beste bat duten eta euskara transmitituko eta erabiliko ez duten etorri berrien inpaktu kuantitatiboa askoz ere handiagoa izango da euskara transmititzera eta erabiltzera iritsiko diren atzerritar jatorriko biztanleena baino. Nahiz eta bilakaera oso positiboa izan, alde horretatik.

Lau
Euskararen ezagutza-maila apalagoa izango da, etorkizun hurbilean, haur eta gazteen artean. Adin tarte bakoitzeko biztanleriarekiko euskararen ezagutza maila zenbatekoa den aztertuz, azpimarratzeko modukoa da euskaldunen pisuak behera egingo duela haur eta gazteen artean. Datu horien atzean hainbat faktore egon daitezke. Haietako bat izan daiteke atzerrian jaioak diren eta euskaraz ez dakiten gurasoen seme-alabak gero eta gehiago izango direla. Bestea, euskararen familia bidezko transmisioak atzera egingo duela, baita bertan jaioak diren gurasoen familietan ere. Izan ere, etxean nagusiki euskara erabiltzeko ohiturak behera egingo du Hego Euskal Herrian. Eta gora egiten jarraituko du bi hizkuntzak, euskara eta gaztelania, erabiltzeko ohiturak.

Bost
Euskaraz gaztelaniaz baino erosoago moldatzen diren euskal hiztunen pisua gero eta txikiagoa da. Hezkuntza arautuko hizkuntza-ereduetan oinarritutako euskalduntze prozesuak eta familia bidezko transmisioan eta etxeko erabileran aurrerapauso handirik eman ez izanak ezinbestean eragiten dute euskal hiztun den biztanleriaren ezaugarri- adaketan. Euskara lehen hizkuntza gisa transmititzen denean, transmisio horren eraginkortasuna handia da. Baina, hala ere, biztanle euskaldunen artean euskal elebidunen pisuak behera eta erdal elebidunen pisuak gora egin du. Transmisio mailan dago hutsunea, beraz. Gero horrek erabileran dakarrenarekin.

Sei
Euskal hiztuna den biztanleriaren ezaugarriak aldatzen ari dira, beraz. Eta, itxura guztien arabera, euskararen bizi-indarraren kaltetan ari dira aldatzen, batez ere, Bizkaian eta Nafarroan. Gipuzkoan txikiagoa izan da euskararen bizi-indarraren higadura, sendoago eutsi die hizkuntzaren arnasgune diren eremuen ezaugarriei.

Zazpi
Etorkizun hurbilean gero eta gehiago izango dira nagusiki erdaraz inguratuta bizi diren euskal hiztunak. Eta, ikusi dugun bezala, gero eta gehiago izango dira euskara lehen hizkuntza bakar gisa izango ez dutenak, erdaraz euskaraz baino erosoago egingo dutenak edo baita euskara erabat menderatzen ez duten euskal hiztunak ere. Euskararen erabilera soziala zailtzen duten faktoreak dira biak ala biak, eta elkarri lotuta daude, gainera. Gaitasun mugatua duenak, horrez gain, hizkuntza erabiltzeko aukera gutxi baldin baditu inguruan, nekez lortuko du bere gaitasuna hobetzea. Gero eta gehiago kamustuko zaio euskara eta gero eta ahalegin handiagoa egin beharko du hizkuntza erabiltzeko, edo, dagokionean, ondorengoei transmititzeko.

Ondorioez

UEMAko kideek azaldu dutenez, "ez dirudi baldintza egokienak direnik, belaunaldiz belaunaldi jarraipen naturala izango duen eta erabilerari dagokionez bizia izango den hizkuntza baldin bada helburu. Eta ez dirudi, bestelako neurriak hartu ezean, epe laburrean norabide aldaketa espero daitekeenik joera horietan". Azaldu dutenez, ikerketan badaude alde positiboak ere: "euskararen ezagutza-maila handiagoa biztanle helduen artean, lehen hizkuntzaren transmisioaren eraginkortasun gero eta handiagoa, gaztelaniarekin batera bada ere hainbat etxetan euskarak sarbidea lortu izana, transmisioaren eta erabileraren bilakaera positiboa atzerrian jaiotakoen artean, lurralde eta eremu batzuetan erdietsi diren aurrerabideak, beste batzuetan hizkuntzaren bizitasunari eutsi izana…" Horregatik, "horiei heldu eta horietan sakontzea ere garrantzitsua izango da etorkizunean, ikusitako ahulguneei konponbideak bilatzearekin eta datozen erronka handiei aurre egitearekin batera".

Lehenagoko beste datu eta ikerlan batzuen ildotik, euskara larrialdi linguistikoan dagoela erakusten du Siadecoren ikerlanak. Siadekok UEMAri martxoan aurkeztu zizkion datuak eta ondorioak. Haiek duten garrantziagatik, UEMAK zenbait erakunde, alderdi eta euskalgintzako eragileri aurkeztu die azken hilabeteotan. Gaia bereziki landu nahi izan du erakunde publikoetako hizkuntza politikako arduradunekin, eta baita Euskalgintzaren Kontseiluarekin ere, euskara biziberritzeko lanean duten gidaritzagatik. Eragile sozialei eta bereziki politikoei gaiari arduraz heltzeko eta euskara lehen lerrora ekartzeko eskatu die UEMAk.

UEMAko kide diren herrietako euskara teknikariek ere jaso dute ikerlanaren berri, eta garagarrilaren 14an Azkoitian egin zuen batzar nagusian, UEMAk bertako kide diren 118 udaletako ordezkariei ere aletu zizkien ikerlanaren nondik norakoak. Hilaren 10ean, berriz, ikerlan horrek "gogoeta sakona eta irakurketa konpartituta eskatzen duelakoan" UEMAk eta Euskaltzaindiak goiz osoko mintegia antolatu zuten gai horren inguruan.