Aurtengo sanferminak ederrak izaten ari dira Sakanako harri Jasotze Eskolan trebatzen den Oskar Aguas berriozartarrarendako. Uztailaren 11n gizonezkoen Nafarroako Harri Jasotze Txapelketan oso erraz gailendu zen, hiru harri desberdinekin bina minutuko txandak eginda guztira 5.237,5 kilo jaso zituelako. 125 kiloko zilindroari 19 altxaldi egin zizkion, 112,5 kiloko kubikoari 13 eta 100 kiloko bolari 14. Bigarren sailkatutako Josetxo Urrutia leitzarrak 3.512,5 kilo jaso zituen, Albaro Zugarrondo iruindarrak 3.337,5 kilo eta Lizarrako Iñigo Gonzalezek 2.737,5 kilo.
Uztailaren 13an gizonezkoen Nafarroako Gurdi Altxatze Txapelketa jokatu zen. Atzeko aldetik hartuz eta gurpilek lurra jo gabe, gurdiari ahalik eta bira gehien eman behar zizkieten herri kirolariek. Oskar Aguasek bi buelta eta erdi eman zizkion orgari, bere txapela berrituz. Bigarrena, Unai Bertiz, bi metro eta erdira geratu zen. Albaro Zugarrondok bi buelta eta laurden eman zizkion gurdiari, eta Alejandro Fernanezek ia bi itzuli.