Uztailaren 10ean Nafarroako Kadete Mailako Arpana Txapelketa jokatu zen sanferminetan. Zazpi bikote zeuden izena emanda txapelketan, tartean Andra Mari ikastolako hiru bikote: Jokin Campos-Adur Lizarraga, Jon Orella-Aner Artieda eta Aizeti Agirre-Malen Izagirre. Guztiek etzanda jarritako metroko enborrari 10 korte edo epai egin behar izan zizkieten.
Jokin Camposek eta Adur Lizarragak hartu zuten aurrea hasieratik. Lan guztiak egiteko 6:08 minutu behar izan zituzten, eta alde handiz gailendu ziren, Basaburuako Oier Migeltorenari eta Eider Urrutiari 47 segundo atera baitzizkioten (6:55). Basaburuako Eñaut Oteizak eta Adei Usandizagak osatu zuten podiuma (6:56). Jon Orella eta Aner Artieda bosgarren sailkatu ziren (7:29), eta Aizeti Agirre eta Malen Izagirre zazpigarren (12:54).
