Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Euskal Y eta Nafarroako korridorea non lotuko diren zehazteko Aralarren zundaketak aurki hasiko direla esan zuen Jose Antonio Santano Garraio Estatu idazkariak garilaren 7an. Iragarpen horren aurrean, STOP AHT Zundaketak ekimeneko kideek lurjabeei eta udalei " zundaketekin ez laguntzeko deialdia" egin diete. Azaldu dutenez, "gaurko zundaketak biharko suntsipena dira". Era berean, ekimenetik udalei zuzendu zaizkie: "garrantzitsua iruditzen zaigu udalek Estatuko idazkariak aipatutako 'aurreratuak' eta 'lankidetza onean' izan omen dituzten elkarrizketen inguruan informatzea edota haiek gezurtatzea". Aldi berean, udalak "animatzen ditugu AHT bezalako obra antiekonomiko, antiekologiko eta antisozialaren aurrean haien jarrera azal dezaten". Azkenik, STOP AHT Zundaketak ekimenak Espainiako, Euskal Autonomia Elkarteko (EAE) eta Nafarroako gobernuei "exijitzen diegu zundaketak bortxaz egiteko asmoa aitortu eta bertan behera utz ditzatela".
STOP AHT Zundaketak ekimeneko kideen iritziz "trenbide zerbitzua oro har hondatzen ari den momentuan, Espainiako Gobernuak, EAEko eta Nafarroako gobernuen laguntzarekin, obra faraoniko horren alde egiten jarraitzen du, baita diru publikoa xahutzearen alde ere, eraikuntza enpresen onurarako, herritarren beharrak alde batera utziz". Espainiako Gobernuak Aralarren zundaketak egiteko iragarpena "zentzugabe" dela nabarmendu dute, "erabat alferrikakoak eta haien kide politikoak pozik uzteko bakarrik balioko duten zundaketak baitira". Ekimeneko kideek ohartarazi dutenez, "zundaketok aurrera eraman ahal izateko, makina astunak erabiliko dira, bideak erabiliko dira eta 300 metroko sakonerara irits daitezkeen zuloak egingo dira, ondare naturala eta karstikoa mehatxatuz".