Askek, errepresioaren kontrako eta amnistiaren aldeko antolakunde independentista eta sozialistak, jakinarazi duenez, Sakanan gutxienez 291 polizia kontrol izan ziren apirilean eta maiatzean, egunero, bataz beste, bost. Aske antolakundeko kideek galdetu duten zein den ibarreko kaleak poliziaz betetzeko arrazoia.
Errepresioaren kontrako antolakundeko kideek azaldu dutenez, "gogor jotzen ari da Sakanako langileria mundu mailan kapitalismoa pairatzen ari den krisia". Gaineratu dutenez, "indar errepresiboen presentzia areagotzearen eta haien jarreraren oldarraldiaren xedea da krisiaren eskutik Euskal Herri Langilearen partetik emango den kontzientziazio eta antolakuntza forma oro deuseztatzea". Askekoen iritziz poliziaren funtzioa da: "jazarpena eta langileon diziplinatzea, estatuon azpiratze estrategiarako tresna da. Era horretan, kontrol soziala Euskal Herri Langilea jazarri eta menpean mantentzeko bitartekaria da".
Askeko kideen iritziz, poliziaren presentziaren "areagotze hau ezin dugu izaera koiunturaleko egoera gisa ulertu. Frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herria azpiratuta mantentzeko aurrera daramaten estrategiaren baitan kokatu behar dugu. Ukazioa Euskal Herria nazio gisa aitortu ez ezik ukatzen duen estrategia. Hain zuzen ere, Euskal Herriaren okupazio militarraren bitartez estatuen nagusitasuna eta bere eskutik doan euskal burgesiaren borondatea jazarpenaren bitartez inposatzea xede duen estrategia". Testuinguru horretan kokatu du poliziaren "presentziaren areagotzea, militarizazio prozesua eta hauen presentziaren normalizazioaren saiakerak". Eta nabarmendu dutenez, burgesiaren "neurrira eraikitako sistema zaintzen dute" poliziek.
Antolakundeko kideek "poliziaren jazarpenaren aurrean bere presentziaren areagotzeari dagokionez edota haren normalizazio eta zilegitze prozesuei begira antolatzea eta borrokatzea besterik ez dugu, beharrezkoa baita Sakanan ez ezik Euskal Herrian ematen ari den poliziaren indartze eta militarizazioa salatzea".