Cederna-Garalurrek Plazaola-Sakana-Ultzamaldea Turismo Espazioen Kudeaketa Unitateko ibilbideak digitalizatzeko zerbitzuak kontratatu nahi ditu. Lanak 70.000 euroko (BEZ barne) aurrekontua du. Egiteko hori finantzatzeko, Garalurrek Europar Batasunaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren NextGenerationEU funtsaren dirulaguntza du. Kontratua bereganatzeko eskaintza egin nahi duen enpresak hilaren 30eko 23:59ra arteko epea du. Kontratua bereganatzen duenak bost hilabete ditu lanak despeditzeko.
Lau egiteko izanen ditu lana bere gain hartzen duenak. Hasteko, Plazaola-Sakana-Ultzamaldeko bidezidorren eta ibilbideen egungo egoeraren azterketa zehatza egin beharko du. Honako informazioa jaso beharko du: udalerri bakoitzean seinaleztatutako bideak eta ibilbideak; bide berdeen, Santiagoko bideen eta BTT sarearen egoera eta bide naturalen egoera. Horiek despeditu ondoren kartografia digitala sortu beharko du. Hau da, bidezidorren mapa digitalak sortzea edo eguneratzea, informazio geografikoko sistemak erabiliz.
Hirugarren egitekoa seinaleztapen digitala da. QR kodeak edo beste teknologia batzuk jartzea seinaleztapen fisikoan, bidezidorrari buruzko online informazioa emateko. Eta, azkenik, plataforma digitalak daude. Plazaola-Sakana-Ultzamaldeko web orrian txertatuko den aplikazio bat sortzea edo egokitzea, ibilbideak, interesguneak, desnibelak, gertuko zerbitzuak eta beste datu garrantzitsu batzuk kontsultatzeko aukera emanen dutenak.