Foru administrazioaren menpeko den Nafarroako Analisi eta Prospekzio Bulegoak eta Sakanako Garapen Agentziak (SGA) sinatutako lankidetza hitzarmenaren bidez bi erakundeek informazioa trukatzeko eta azterketak egiteko esparru komun bat ezarri dute. Bulegoaren egitekoak dira Nafarroako gizartearen aldaketa joerak aztertzea, prospekzio ikerketak egitea, eta Nafarroako Gobernuko hainbat departamentutan garatzen diren analisiak koordinatzea. Aldi berean, SGAk bere esperientzia eta ibarraren ezagutza jarriko ditu eskura, Sakana 2027 Plan Estrategikoaren baitan garatzen ari den ekimenak sustatzeko.
Lankidetza hitzarmenak dituen helburuen artean daude, besteak beste, erabaki estrategikoak hartzeko oinarri sendoak eskaintzea, datuetan eta ebidentzia enpirikoan oinarrituta. Horrekin batera, Sakanako planifikazio estrategikoa egokitzea Nafarroako erronka berrietara. Aldi berean, informazio fidagarria eta kalitatezkoa zabaltzeko jardunaldiak eta topaketak antolatzea dute helburu. Gainera, Sakanarako etorkizuneko sozio-ekonomia eszenarioak irudikatu nahi dituzte. Eta, azkenik, Sakana Nafarroaren marka estrategian kokatzea, bere indarguneak eta aukerak nabarmentzeko.
Sinatu berri den hitzarmenaren barruan, hainbat jarduera garatuko dira hiru ardatz estrategikoren inguruan. Aurrena, ikerketa eta analisi sozioekonomikoa: Sakanako egungo egoera eta sektore estrategikoak aztertzea, hala nola energia berriztagarriak, automozioa edo agroelikadura. Hurrena, informazio estrategikorako sarbidea: datu base eguneratuak sortzea, aholkularitza eskaintzea eta erabakiak hartzeko tresnak garatzea. Eta atzena, ezagutza transferentzia eta dibulgazioa: jardunaldiak, tailerrak eta bisita teknikoak antolatzea, bai eta emaitzak partekatzea ere.
SGAko arduradunek azaldu dutenez, "elkarlan horrek ez du hasieran inbertsio ekonomikorik eskatzen, baina ekimen zehatzek aurrekontu propioak izan ahalko dituzte gerora, hitzarmenari erantsitako akordio bidez". Aldeek jakinarazi dutenez, lankidetza lau urtez egongo da indarrean, eta urtero koordinazio-bilera bat eginen dute. Gainera, emaitzak zabaltzea eta ikerketen jabetza intelektuala jasotzen ditu hitzarmenak, betiere gardentasuna, konfidentzialtasuna eta datu pertsonalen babesa bermatuz. SGAko arduradunek nabarmendu dutenez, "akordioa Sakanako erakunde publiko, enpresa eta eragile sozialendako aukera bat da, informazio eguneratua eta kalitatezkoa eskuratzeko, eta, era berean, Nafarroako politikak lurraldearen beharrizanetatik abiatuta garatzeko tresna baliotsua bihurtzen da".
Bulegoaz
Azterketa eta Prospekzio Bulegoaren eta Sakanako Garapen Agentziaren eginkizunak
Nafarroako Gobernuko Azterketa eta Prospekzio Bulegoa Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuari atxikitako erakundea da, eta Nafarroako gizartearen aldaketa joerak eta mugimenduak aztertzen ditu. Gainera, Foru Gobernuko departamentu eta erakunde ezberdinetan daude analisiak ikertzen, koordinatzen eta kudeatzen ditu, eta Nafarroako Foru Komunitateko eragile ekonomiko eta sozial nagusien sareko konexioa bultzatzen du, erronka eta aukera berriei lotuta.