Ahulenak are okerrago utzi ditu gobernuak

Guaixe 2025eko uztailaren 21a

Sakandarrak bilkura batean. ARTXIBOA

Bermatutako Errenta eskaerak ebazteko epea hiru hilabetetik seira luzatu du Nafarroako Gobernuak. Horretarako barne antolaketa arazoak argudiatu ditu. Sakanako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak erabakiaren kontra daude.

Ibarrean hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitate daude: Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasu aldekoak. Hiru erakundeek salatu dutenez, Eskubide Sozialak, Ekonomia Soziala eta Enplegua Departamentuak Ekainaren 4ko 1031/2025 Ebazpenaren bidez Bermatutako Errenta ebazteko epea luzatu du. "Errenta Bermatua ebazteko legezko epea hiru hilabetetik seira luzatu dute. Eta eman duten arrazoi bakarra da departamentuaren barne antolaketari dagozkionak. Erabaki horren kontra gaude", esan du Juana Jaka Garmendiak, Irurtzun aldeko mankomunitateko gizarte langilea eta koordinatzailea, eta autonomia sustatzeko eta menpekotasun egoeran dauden pertsonei arreta programaren arduraduna. 

Jakak azaldu duenez, "aldaketa horrek zuzenean urratzen du gure gizartean egoera ahulenean dauden pertsonek bizirik irauteko duten oinarrizko eskubidea. Legezko epea, orain arte isiltasun positiboko hiru hilabetekoa zena, bikoiztu egin da arbitrarioki, kontuan hartu gabe horrek benetako eragina duela egoera zaurgarrian dauden ehunka familiarengan".

Gizarte langileak gaineratu duenez, "prestazio horien ebazpena atzeratzeak erabateko babesgabetasun egoeran uzten ditu elikadura, etxebizitzaren ordainketa edo oinarrizko hornidurak bezalako oinarrizko premiak asetzeko diru sarrera nahikorik ez dutenak". Departamentuak hartutako erabakiaren inguruko beste ondorio bat ere atera du gizarte langileak: "horrek esan nahi du asistentzia eta ekonomia gainkarga dagoela, eta horrek arriskuan jartzen duela tokiko baliabideen iraunkortasuna".

Sakanako gizarte zerbitzuetako langileen iritziz, "onartezina da larritasun hori duen neurri bat departamentuaren beraren funtzionamendua barrutik berrantolatzeko beharrak bakarrik justifikatzea. Pertsona ahulenak ezin dira izan administrazio edo plangintza akatsen prezioa ordaintzen dutenak". Horregatik, ibarreko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek hiru eskaera egin dizkiote departamentuari. Batetik, Bermatutako Errenta ebazteko epearen luzapena berehala baliogabetzea. Bestetik, hiru hilabeteko legezko epera bueltatzea, isiltasun positiboarekin. Eta atzena, Gizarte Eskubideen Departamentuan egiturazko neurriak eta administrazioa indartzeko neurriak hartzea, ondorioak erabiltzaileei eta lehen mailako arretako lan taldeei helarazi gabe. "Eskubide sozialak ezin dira  administrazioaren moteltasunaren  menpe egon. Duintasunak ez du itxaronaldirik onartzen", laburbildu du Jakak.

Bermatutako Errentaz
Ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateetan Bermatutako Errentaren onuradun diren 453 pertsona daude. 

Nafarroako babes sozialerako sisteman Errenta Bermatutako eskubide subjektiboa arautua dago. Oinarrizko beharrei aurre egiteko gaitasun ekonomikorik ez dutenendako prestazio ekonomikoa da. "Soldata sozial" gisa definitu du Jakak prestazioa. 

Errenta bermatutako eskubideak erlazio zuzena du familia unitateekin. Eskubidea aitortu ala ez zehazteko departamentuak familia unitateko pertsona guztien baldintzak hartzen ditu kontuan, bai helduak, bai adingabeak.

Prestazioa emateko foru administrazioak lau baldintza hartzen ditu kontuan. Batetik, adina. 18 eta 24 urte arteko emantzipatutako gazteak, baldin eta egoera horretan gutxienez bi urte badaramatzate. Gainontzeko eskatzaileen kasuan bere ardurapean adingabeak izatea kontuan hartuko dute. Bestetik, Nafarroan bizitzen daraman denbora. Eskaera aurkeztu baino bi urte lehenagotik gutxienez bizi behar da herrialdean. Urtebete familian adingabeak, mendekoak edo %65etik gorako desgaitasuna duten pertsonak badaude. 

Hirugarren baldintza da gaitasun ekonomiko nahikoa ez izatea da. Hau da, eskatzaileak eta familia unitateak ez du izan behar oinarrizko beharrei aurre egiteko adina baliabide. Hori horrela den jakiteko Eskubide Sozialen Departamentuak azken sei hilabeteetan familia unitateko edozein kidek eskuratutako diru sarrerak eta dituzten ondasunak zein diren izanen dituzte kontuan. Azkenik, Errenta Bermatua eskatu aurreko sei hilabeteetan familia unitateko kide guztiek zuzenbideari jarraikiz legozkiekeen prestazioak (langabezia, subsidioa...), sorospenak edo pentsio publiko nahiz pribatuak eskatu behar izan dituzte. Gainera, oro har, eskaeraren unean, enplegu eskatzaile gisa inskribaturik egon beharko dute.