Sanfermin feria despeditu eta berehala eman zaio hasiera udako torneo luzeenari, CaixaBank Mastersari. Jakina denez, torneo honetan Aspek eta Baikok bikote mistoak osatzen dituzte, eta pilotari sakandarrei dagokienez, A mailan Joseba Ezkurdiak Martxel Iztuetarekin osatu du bikotea, Julen Martijak Iñaki Artolarekin, eta Jose Javier Zabaletak Erik Jakarekin.
Asteburuan Masterseko lehen jardunaldia jokatu zen. Uztailaren 18an Barakaldon jokatutako partidan, Jakak eta Zabaletak 20-22 galdu zuten Zabalaren ordez jokatu zuen Peio Etxeberriaren eta Mariezkurrenaren kontra. Etxeberria A Seriean tokirik gabe geratu zen, baina Mastersa hasi bezain pronto lanean hasi behar izan du, Zabala ordezkatzen. Zenotzeko pilotariak aldarrikapen ederra egin zuen, Mariezkurrenarekin batera Jaka eta Zabaleta mendean hartu zituztelako partida oso borrokatuan. Bi bikoek 538 pilotakada gurutzatu zituzten. Hasieran Jakak eta Zabaletak aldea hartu zuten, 15-10 aurreratuz. Zabaletak atzean agintzen zuen, eta Jakak aurrean. Baina Etxeberriaren boleei esker, partidak buelta eman zuen. Mariezkurrenak akats gutxiago egin zituen, eta, horrela, bikoak erremontatzea, eta Masterseko lehen puntu garrantzitsua lortzea lortu zuten, 20-22 gailenduta.
Uztailaren 19an Otxandioko Mainondo pilotalekuak Ezkurdia-Iztueta eta Artola-Martijaren arteko lehia hartu zuen. Neurketa gogorrean, atzeko koadroetan Iztueta Martija baino gehiago izan zen. Iztuetak sei tanto egin zituen, eta Ezkurdiak bederatzi, kolore guztietakoak. Bi bikoteek antzeko akatsak egin zituzten, eta, beraz, egindako tantoek erabaki zuten dema.
Partida takadaka erabaki zen. Hasieran 10-0ko errenta hartu zuten Ezkurdiak eta Iztuetak, baina Artola eta Martija 11-8 gerturatu ziren, eta 13-10era ere jarri ziren. Hortik aurrera beste takada ikusgarria egin zuten Ezkurdiak eta Iztuetak, eta 20-10 jarri ziren aurretik. Ezkurdiak eskuinarekin egindako boleak sekulakoak izan ziren, eta buelta eman ezinda geratu ziren Artola eta Martija. Azkenean, 22-14 irabazi zuten Ezkurdiak eta Iztuetak, Masterserako hautagaitza sendoa direla erakutsiz.
Hirugarren partidan, Altuna III.a-Imazek 22-18 irabazi zieten Larrazabal-Rezustari.
Bigarren jardunaldia
Bigarren jardunaldiari dagokionez, Ezkurdia-Iztuetak Zabala-Mariezkurrena izanen dituzte aurkari uztailaren 26an Elizondon. Jaka-Zabaletak eta Artola-Martijak uztailaren 31n jokatuko dute, Zarautzen, eta Altuna III.a-Imazek eta Elordi-Arbizuk uztailaren 25ean, Ermuan.