Uztailaren 19an hasi zen V. Emakumeen Iruñerriko Itzulia, Mutiloan jokatutako etaparekin (70,54). Bederatzi txirrindulari batera iritsi ziren, eta Irati Aranguren (Andoain) izan zen azkarrena (1:52:08). Sakandarrei dagokienez, Ane Berastegi arbizuarra (Ecologicos Navarra-Beratxa) hamazazpigarren sailkatu zen, 3:14ra, eta Ane Beltran de Heredia altsasuarra 26., denbora berean. Siets Goikoetxea urdiaindarra (Ecologicos Navarra-Beratxa) 68. sartu zen, 14:30era.
Uztailaren 20an bigarren etapa jokatu zen, Ororbian hasi eta despeditu zena (69,11 km). Naya Mangas (Team Zatika Bike) bakarrik iritsi zen helmugara (1:57:23), Estefania Jimenezi (Vipeq Team) 8 segundo aterata. Ane Beltran de Heredia 23. sailkatu zen, 11 segundora, eta Ane Berastegi 38., 2:47ra. Siets Goikoetxeak ezin izan zuen proba bukatu.
Sailkapen orokorrean, Irati Aranguren (Andoain) da liderra (3:49:42). Denbora berean Maier Olano, Lidia Castro, Aiala Serrano, Irene Moreno, Irati Mitxelena eta Laia Puigdefábregas daude. Ane Beltran de Heredia 20. postuan dago, 3:14ra, eta Ane Berastegi 36. postuan, 5:50ra. Beltran de Heredia hirugarren nafarra da, eta Berastegi, bosgarrena.
Errotz eta Urritzola
Uztailaren 21ean V. Emakumeen Iruñerriko hirugarren eta azken etapa jokatuko da, Iruñean (65,5 km). Redinetik abiatuko da lasterketa, 17:00etan. Errotzera 17:52 aldera iritsiko da, Atondotik. Lasterketak Errotzeko zubia gurutzatu eta Urrizolako bidea hartuko du, 3. mailako Urritzolako gaina gaindituz Etxarrenera heltzeko. Lacturaleren sprint bereziaren ondoren, Irurtzunera helduko da. Bertan esprint berezia egongo da, 18:02 aldera. Ondoren, lasterketak Asiaingo bidea hartuko du. Lasterketa Iruñeko Redinen despedituko da, Zaldi Zurian, 18:49ak aldera.
Etapa borrokatua espero da, lidergoa jokoan dagoelako.