Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide diren 118 udaletatik ia 100 udalek heldu zioten presazko deialdiari, udaletxeen parean elkarretaratzeak egin ziren garagarrilaren 19an, larunbatean. UEMAko lehendakari Martin Aramendik nabarmendu zuenez, "euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu nahi izan dute beste behin ere, euskararen ofizialtasuna bera eta azken hamarkadetako hizkuntza politika auzitan jarriz. Epaia larria da, eta behar zuen berehalako erantzuna. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiet UEMAren deialdiarekin bat egin duten udal, euskara elkarte, euskalgintzako eragile, alderdi eta gainerako guztiei, eta batez ere gaur kalera atera diren milaka herritarrei".
Aramendik esan zuenez, "egoeraren larriak adostasun sendoetara heltzea eta euskara benetan babestea eskatzen du, aurrera egiteko ezinbestekoa baitugu benetako lege-babesa. Horretarako deia egiten diegu alderdiei, euskarak eta euskaldunok bigarren mailakoak izateari utzi eta benetako justizia merezi baitugu”. UEMAko buruak jakinarazi zuenez, "euskalgintza, hainbat alderdirekin eta eragilerekin, datorren asterako mobilizazio berriak prestatzen ari da. UEMAk horiekin bat egingo du, eta udalei eta herritarrei ere dei egiten diegu. Ondoan izan ditzagun gaur bezala, gure eskubideen defentsan".