BSHko langileek oniritzia eman diote aurreakordioari

Guaixe 2025eko uztailaren 22a

BSHko langileak Irurtzunen egindako elkarretaratze batean. ARTXIBOA

Langileen % 78k bat egin du aurreko ostegunean UGT, CCOO, ATISS eta Solidari sindikatuetako ordezkariek adostu zuten aurreakordiorekin. Ondorioz, urte akaberan 609 lagun kaleratuko dituzte kalteordainekin eta lantegia itxiko dute.

UGT, CCOO, ATISS eta Solidari sindikatuetako ordezkariek eta BSHko zuzendaritzak aurre akordioa garilaren 17an, ostegunean. LAB eta ELA sindikatuak aurreakordioaren kontra egin zuten. Haren gainean iritzia emateko galdeketa egin zuten atzo, garilak 21, eta langileen %91k parte hartu zuten. Aurreakordioaren aldeko 475 boto izan ziren (%78), kontrako 127 (%20,85), 2 abstentzio (%0,33) eta 5 boto baliogabe (%0,82) izan ziren. 

Aurreakordio horren arabera, Eskirotzeko BSHko lantegia itxi eta lan erregulazio espediente baten bidez 609 langile kaleratuko dituzte. 50 urtetik beherakoak azaroaren 30ean kaleratuko dituzte, eta gainerakoak, berriz, abenduaren 31n. Ordura arte, lantokia irekirik egongo da, eta, hitzartutakoaren arabera, enpresak planifikatutako produkzioaren %95 bete beharko dute langileek abuztutik abendura bitartean.

Kalte ordainei dagokienez, 55 urtetik beherakoek lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko kalte ordaina jasoko dute, urte kopuruetan mugarik ezarri gabe. Gainera, 1.500 euroko saria jasoko dute antzinatasun urte bakoitzeko. 55 eta 63 urte arteko langileei aurre jubilazioa eskainiko zaie, soldata gordinaren %70arekin eta lan hitzarmenean zehaztutako kotizazioak ordaindu beharko ditu enpresak. Bestalde, berrindustrializazio kasuan 50 eta 54 urte arteko langileek lehentasuna izango dute. Horretaz aparte, birkokatzeak ere jarri dira mahai gainean, eta konpainiaren barruan sor daitezkeen hutsuneen aurrean lehentasuna izango dute.

Multinazionalak lantegia itxiko zuela abenduan iragarri zuen. Bitarte horretan fabrikan interesa izan zezaketen inbertitzaileekin akordioren bat bultzatu nahi izan dute Nafarroako Gobernutik, lantegia zabalik mantendu ahal izateko, baina ez da akordiorik lortu. Sindikatuen gehiengoak eta BSHk onartutako akordioaren arabera lantokia berrindustrializatzeko aukera irekirik egongo da.