Bilboko Aste Nagusia hasi arte badago tartea, baina pilota enpresek dagoeneko Aste Nagusia Pilota Torneoa aurkeztu dute.
Bilboko jaialdia abuztuaren 18an hasiko da, Bizkaia Torneoko finalarekin. Sollube eta Oiz taldeak sailkatu ziren finalerako. Horrela, lau eta erdian Agirrek Peio Etxeberria izango du aurkari, binaka Artola-Albisuk Elordi-Zabaleta, eta buruz burukoan Joanes Bakaikoa etxarriarrak Salaberria.
Ondoren Aste Nagusia Torneoaren txanda izango da. Lehen finalerdia abuztuaren 19an jokatuko da, Baiko adarrekoa. A Seriean, Artola-Iztuetak Jaka-Mariezkurrena izanen dituzte aurkari, eta B Seriean Senar-Morgaetxebarriak Alberdi II.-Aranguren.
Abuztuaren 20an Aspe adarreko finalerdia jokatuko da. A Seriean Altuna-Martijak Elordi-Zabaletaren kontra jokatuko dute, eta B Seriean Salaberria-Eskuzak Murua-Tolosaren kontra. Final handiak abuztuaren 22an jokatuko dira, Bizkaia pilotalekuan. Dagoeneko sarrerak salgai daude.