Plazaola, Sakana eta Ultzamako Turismo Espazioen Kudeaketa Unitateko eskualdeetako ondare turismoa sustatzeko asmoa du Cederna Garalur elkarteak. Hori Nafarroako Erresuma defendatu zuten gazteluen bidez egin nahi du, gotorlekuen berreraikuntza digitala eta bisita birtuala eskainiz. Lan hori diseinatu, garatu eta ezartzeko lanak 70.000 euroko (BEZ barne) aurrekontua du. Lana finantzatzeko Garalurrek Europar Batasunaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren, NextGenerationEU funtseko dirulaguntza du. Egiteko horiek bere egin nahi dituen enpresak bere eskaintza agorrilaren 7ko 23:59 baino lehen aurkeztu beharko du. Kontratua gauzatzeko sei hilabete izanen ditu enpresak.
Garalurrek ekimen horren bidez lortu nahi du, alde batetik, ondare historikoa modu berritzaile eta erakargarri batean erakutsi eta ezagutarazi hainbat bitarteko sortuz. Horri esker, bisitek kapilaritate handiagoa izango dute eta inguruko turismo fluxuak hobeto banatuko dira. Eta, bestetik, Plazaola-Sakana-Ultzamaldeko garapen iraunkorra bultzatuko duen turismo-eredu bat finkatu nahi du, bertako baliabideen babesa eta turismo jasangarrian erreferentziazko helmuga gisa duen proiekzioa bermatuz.
Egitekoa
Kontratua eskuratzen duen enpresaren egitekoak izanen dira: berreraiki beharreko indargune bakoitzaren dokumentazio historiko-arkeologikoa aztertu eta biltzea; horien argazkiak, planimetriak eta modeloak egitea; berreraikitze digitala egitea; irekian bisita birtualerako sarbidea eta euskarria sortzea; elementuak, fisikoak eta birtualak, sortzea, testu eta ikus edukiak lantzeaz barne eta, azkenik, horiek hornitzea eta instalatzea. Elkarteak lanerako gutxienez bost gotorleku identifikatu ditu. Baina enpresak gehiago egin ditzake.