Nafarroako Gobernuak Nafarbide, el Camino de los Navarros SM sozietate publikoa erakunde instrumental gisa aintzatestea erabaki du, bide jabari publikoaren kudeaketan duen funtzioa eraginkortasunez bete dezan errazteko. Horrela, foru administrazioak bultzada berri bat eman dio erakunde horri, "ibilgailu astunei ahalmen handiko bost bidetan kobratzeko sistema bat ezartzea ahalbidetuko" duena, Oscar Chivite Cornago Lurralde Kohesiorako kontseilariak adierazi duenez. Nafarbide erakunde instrumental gisa aitortzeak "kalitate handiagoko zerbitzu publiko bat eskaintzea eta baliabide publikoen kudeaketa eraginkorragoa egiten laguntzea ahalbidetuko du, foru sektore publikoaren finantza jasangarritasuna indartuz", gaineratu du Chivitek.
Bidesarien araubide horrek Europako Batzordearen oniritzia du, eta 2024ko irailaren 12an emandako irizpen baten bidez, Iparraldeko A-1 autobidean (13,8 kilometro), Sakanako A-10 autobian (30,4 kilometro), Leitzarango A-15 autobian (27,6 kilometro), Ebroko A-68 autobian (32,4 kilometro) eta N-121-A Iruñea-Behobia errepidean (62,8 kilometro) azpiegituragatiko tasaren araberako ordainketa-kanona ezartzea baimendu zuen.
Nafarbide enpresa bide-jabari publikoa ustiatzeko eredu baterantz aurrera egiteko sortu zen, "gastu eta inbertsio publikoa arrazionalizatzeko eta optimizatzeko gero eta premia handiagoarekin bateragarria”. Erakunde horren bidez, Nafarroako Gobernuak “kudeaketa operatibo arin eta malgua lortu nahi du, kontrol publikoa eta erabaki estrategikoak hartzea galdu gabe".
Nafarbideren helburu soziala
Nafarbide Lurralde Kohesiorako Departamentuari lau urteko epean atxikitako erakunde instrumental gisa aitortzea erakunde horren helburu soziala betetzea errazteko pentsatuta dago, hau da, A-1, A-10, A-15 eta A-68 autobien eta prestazio handiko N-121-A errepidearen eta horien instalazioen foru-eskumeneko tarteak mantentzea, kontserbatzea eta ustiatzea, bidesari edo kanon bat aplikatuz, bai eta azpiegitura horiekin lotutako edozein motatako zerbitzuak ere, hala nola, eremu funtzionalak eta zerbitzuguneak eta garraio-zentroak.
Nafarbidek esleituta dauka, halaber, errepideen arloan eskumena duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuak erabakitzen dituen azpiegitura horien tarte berriak, hobekuntzak, handitzeak eta luzapenak proiektatu, eraiki, mantendu, kontserbatu, finantzatu eta ustiatzea, bere kabuz edo hirugarrenen bidez.
Kudeaketa-sistema honen xede izan daitezke, halaber, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldetik igarotzen diren beste autobide eta autobien tarteak, baldin eta egungo emakidak amaitzen badira eta azpiegiturak Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketara itzultzen badira. Zehazki, lurraldetik igarotzen diren A-12 eta A-21 autobideen tarteak eta egungo AP-15 autobidekoak dira, bai eta azpiegitura horiekin lotutako edozein motatako zerbitzuak ere, hala nola eremu funtzionalak eta zerbitzuguneak eta garraio-zentroak.