Ekintzaileek zortzi enpresa sortu dituzte ekainera arte

Guaixe 2025eko uztailaren 31

Ekintzailea Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuko ikasleei azalpenak ematen. CEDERNA GARALUR

Cederna Garalurrek 40 ekintzaile sakandarri laguntza eta aholkularitza eman die epe berean.

Cederna Garalur ekintzaile sakandarrei laguntza eta aholkua emateaz arduratzen da. Garalurren Ekintzailetzari Laguntzeko Zerbitzuan 40 ekintzaile hartu dituzte aurtengo lehen sei hilabeteetan, haietatik 23 emakumezkoak ziren eta 17 gizonezkoak. Zerbitzuaren jardunaren ondorioz, zortzi enpresa martxan jarri dira eta bederatzi lanpostu sortu dira. Enpresen izaera juridikoari dagokionez, zazpi banakako enpresari gisa eratu dira eta bat sozietate irregular gisa.

Ekintzaileak laguntzeaz aparte, Garalurrek martxan dauden enpresei laguntza eta aholkularitza ematen dizkie. Hala, Garalurren Sakanako Ekintzailetzari Laguntzeko Zerbitzura jo duten bi urte baino gutxiagoko antzinatasuna duten 15 enpresetako arduradunek, 11 emakumezkoak eta 4 gizonezkoak. Bestetik, bi urte baino gehiagoko antzinatasuna duten bi enpresen eskaerak ere hartu dituzte, bi gizonezko ziren horietan buruak. Aldi berean, Garalurrek ekintzaile eta autonomoei zuzendutako lau tutorial telematiko eskaini ditu. Haietan fiskalitatea, fakturazioa eta online tramitazioa landu dituzte. 

Zerbitzu hori Ekintzailetza sustatzeko Nafarroa Ekintzailea sarearen barruan dago, eta sarea Nafar Lansarek finantzatzen du. 

Harremanetarako
Arbizuko industrialdean dagoen Utzuganen dauka egoitza Garalurrek, Sakanako Garapen Zentroan. Astegunetan 08:00etatik 15:00etara hartzen dituzte ekintzaileak, beti ere, aldez aurretik hitzordua eskatuta. Harremanetan jartzeko 639 900 336 (Susana) edo 619 328 264 (Oskia) telefonoetara hots egin edo sakana.admon@cederna.es edo sakana@cederna.es e-postetara idatz daiteke.