Txirrindulariak

Luca Martinez hirugarren eta Ekain Imaz laugarren Iruñerriko Itzulian, erorketa tarteko

Guaixe 2025eko uztailaren 24a

Ororbiako helmugan izan zuen erorikoa Ekain Imazek. Bertan zegoen bere taldekide Luca Martinez. PATXI CASCANTE

Tolosa Danenako Ekain Imaz altsasuarrak erorikoa izan zuen helmugarako 20 metro falta zitzaizkiola, gurpila lehertu eta gero, baina oinez iritsita laugarren postuari eutsi zion

Oso mugitua izan zen junior mailako gizonezkoen Iruñerriko Itzuliko bigarren etapa, Ororbiakoa (101 km). Etapa Sakanan sartu zen, Atondotik Errotzera sartuta. Irurtzundik Latasarantz jo zuen, eta Larraun eta inguruetatik buelta eman eta gero, atzera ere Irurtzunera iritsi zen, Izurdiaga eta Errotzetik aurrera egiteko. 

Goñiko gainaren jaitsieran hamazazpi txirrindularik ihes egin zuten tropeletik, eta aurrera egin ahala, talde hori apurtzen hasi zen. Horrela, lau txirrindulari iritsi ziren batera Ororbiako helmugara: : Tolosa Danena taldeko bi sakandarrak, Luca Martinez lakuntzarra eta Ekain Imaz altsasuarra, Ekhi Uriarte (Alimco-Campagnolo) eta Narcis Monturiol (KH7 Cycling Team). Bukaera nahasia izan zuen probak. Lau txirrindulariak etapa borrokagatik lehian zeudenean gertatu zen ezbeharra, helmugarako 20 metroren faltan Ekain Imazen gurpila lehertu zenean. Erorikoa izan zuen altsasuarrak, baina, hala ere, bizikleta eskutan hartu eta helmugara oinez iritsi zen, laugarren postua bermatuz. Ekhi Uriarte izan zen etapako txapelduna (2:18:31), Narcis Monturiolen eta Luca Martinezen aurretik. 

Luca Martinez, hirugarren izateaz gain, mendian onena izan zen, eta beraren eta Ekain Imazen taldea, Tolosa-Danena, etapako onena izan zen. 

Martinez, mendiko liderra eta Imaz, lehen nafarra
Sailkapen orokorrari dagokionez, Lucas Strahodinsky (Purito Cycling Team) da liderra. Aran Boix (Tot Net-Terrassa) eta Hector Fernandez (Alimco-Campagnolo) denbora berean dituela. Ekain Imaz hamargarren postura igo da, 40 segundora, eta Luca Martinez hamaikagarrena da, 40 segundora. Luca Martinez mendiko sailkapeneko liderra da, eta Ekain Imaz lehen nafarra, Luca Martinezen aurretik. Hortaz, bi etaparen faltan, lasterketa zabal-zabalik dago. 

Falta dena
Hirugarren etapa Undianon jokatuko da (112 km), uztailaren 24an. Bigarren mailako Orendain eta Mañeru gainak gainditu eta gero, lehen mailako Arradia eta Girgillano igo beharko dituzte, eta hirugarren mailako Belaskoain. Azkenik, laugarren eta azken etapa Iruñean erabakiko da (111 km), uztailaren 25ean. Bigarren mailako Orendain bitan gainditu beharko dute, eta Etxauri, Jugondo eta Zirizako murruak.