Nafarroako eta Arabako hemezortzi udalerrik egungo trenbide ereduaren ordezko azterlan bat abian jartzea eskatu dute Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektuaren aurrean. "Azterlan horrek lurralde-kohesioa bermatu beharko luke, ingurumena errespetatu eta bideragarritasun ekonomikoa ahalbidetu. Eta AHT-ren proiektuaren aurrean, trenbide-sarea modernizatzearen, trenbideko salgaien garraioa bulkatzearen eta Arabako zein Nafarroako geltokietako konexioak eta maiztasunak hobetzearen aldeko apustua egiten dugu". Hala azaldu zuten Altsasun egindako agerraldian.
Hemezortzi udalerrien artean hamar sakandarrak dira: Arakil, Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Urdiain, Olazti eta Ziordia. Arabakoak dira besteak: Agurain, Asparrena, Dulantzi, Barrundia, Iruraiz-Gauna, Donemiliaga, Zalduondo eta Erriberagoitia. Horretaz gain, Lautadako Kuadrillak ekimena babestu du.
Gobernuari eskaera
Aipatu eskaeran, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari proposatzen zaio 2022an tren publikoaren eta sozialaren aldeko plataformak landutako alternatiba mugikortasun-ereduari egindako ekarpen eraikitzaile gisa har dezala, dauden mugikortasun eta garraio beharrei modu eraginkorrean erantzuteko tresna gisa. "Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari eskatzen diogu alternatiba hori beharrezko berme tekniko guztiekin aztertu ahal izateko beharrezko baliabideak jar ditzala". Halaber, eskumena duten erakunde guztiei "informazioa, gizarte eztabaida eta herritarren eta eragileen iritzia, gure eskualdeari eragiten dion garraio eta mugikortasun eredua definitzeko".
Egungo trenbidearen modernizazioaren alde
Azken hilabeteotan Abiadura Handiko Trena nondik eta nola pasako den, eta gobernuak zein alternatibaren alde egingo duen borborka ibili da komunikabideetan, "tokiko erakundeak, eragileak eta garraio eta tren mugikortasunaren ereduaren gainerako aldagai guztiak kontuan hartu gabe eta iritzi eta proiektu alternatibo zentzudunei ateak itxiz" salatu dute. Honen aurrean, herritarrei tren zerbitzu duina eskaintzearen alde egin dute. "Garai berriek irtenbide berriak eskatzen dituzte, eta Miranda eta Iruñea arteko egungo trenbide-korridorearen modernizazioa aukera egokia eta zentzuzkoa da egungo erronkei modu erabilgarri, iraunkor, azkar eta errentagarrian erantzuteko. Alternatiba garraio eta mugikortasunean oinarritzen da, erantzukizunetik abiatuta lurralde-kohesioa bermatuko duena, ingurunea babestuz eta herritarrentzako onura sozial eta ekonomikoa ekarriz".
Egungo trenbide korridorearen modernizazioari abantaila handiak ikusten dizkiote. "Aukera ematen du hiriburuak denbora lehiakorretan lotzeko eta kalitatezko tren publiko eta soziala izateko, tokiko geraleku eta geltoki berrituekin. Aitzitik, Abiadura Handiko Trenaren plataforma berri batek hiriburuak baino ez lituzke lotuko, herriak erabat baztertuz, eta ezingo luke merkantziarik garraiatu, ingurumenean kalte handiak eraginez eta izugarrizko diru-xahutzea eraginez".