Abuztuaren 15ean, 18:00etatik aurrera Nafarroako hiru herri kirol txapelketa jokatuko dira Arantzan, eta horietako bitan kirolari sakandarrak lehiatuko dira.
Nafarroako Gizonezkoen III. Mailako Aizkora Txapelketako finala bost aizkolarik jokatuko dute, tartean Ioan Goikoetxea eta Eñaut Oiarbide etxarriarrak. Haiekin batera Julen Urrutia (Arraioz), Beñat Senosiain (Olague) eta Xabier Mitxelena (Irurita) lehiatuko dira. Bi 45 ontzako eta bi kanaerdiko erdibitu beharko dituzte, eta lehen bi sailkatuak mailaz igoko dira, bigarren mailara.
Nafarroako gizonezkoen Koxkol Biltze Txapelketan zazpi kirolari lehiatuko dira, tartean Oier Aierdi etxarriarra. Josu Elizalde (Betelu), Lur Gil (Elkarte), Manex Sarasola (Igantzi), Luken Urtxegi (Igantzi) eta Aimar Martinez (Berriozar) izango ditu aurkari, eta Ander Arbillaren (Larraintzar) parte hartzea zalantzan da. 1,25 metrora jarritako 50 koxkol bildu beharko dituzte, bi lerrotan. Lehen bi sailkatuak Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko txartela lortuko dute, abenduaren 14an, Mungian.