Gobernuak goizeko autobus zerbitzua mantendu du agorrilean

Guaixe 2025eko irailaren 1a

Autobusa Etxarri Aranatzen. ARTXIBOA

Iruñetik astegunetan 06:00etan abiatzen den autobusak ez du zerbitzuan etenik izan aurten.

Astegunetan Iruñea eta Gasteiz arteko lineako lehen autobus zerbitzua 06:00etan da. 2023tik aurten arte goizeko autobus zerbitzua urteko hamaika hilabetetan zegoen indarrean, agorrilean izan ezik. Horren ondorioz, agorrilean Iruñetik Sakanara goizez etorri nahi zuenak 08:00etako autobusa hartu behar zuen. Lan egitera etortzen direnendako berandu. Lurralde Kohesio Departamentuak, azkenean, aurten goizeko lehen autobus zerbitzua agorrilean ere mantentzea erabaki du. Berta Miranda Ordobas Garraioetako eta Mugikortasun Iraunkorreko zuzendari nagusiak azaldu zuenez, "zerbitzuak mantentzearen eta erabiltzaileak fidelizatzearen aldeko apustua egin dugu". Mirandak "gobernuak garraio eta mugikortasun jasangarriarekin duen konpromisoa" nabarmendu zuen, "zerbitzuaren errefortzu hau horren erakusgarria da". 

Foru administrazioak 2023ko maiatzaren 4an Sakanarako autobus zerbitzu berria ezarri zuen. Orduan aipatutako goizeko autobusak Iruñea eta Gasteiz arteko autobusak Altsasun, Olatzagutian eta Ziordian besterik ez zen gelditzen. 2023ko abenduaren 13an ezarri ziren ordutegi berriekin autobusak aipatu hiru herriez aparte Uharte Arakilen, Lakuntzan, Arbizun eta Etxarri Aranatzen gelditzen hasi ziren. 

Zerbitzu berria martxan jarri aurretik Iruñetik abiatzen zen aurreneko autobusa 07:00etan ateratzen zen. Horrek Sakanara lanera eta Lanbide Heziketa institutura ikastera etortzen zirenei garaiz iristeko aukera ematen zien. Gaur egun azken horiek goizeko autobusa hartuz gero klaseak hasteko ordu bat zain egon beharko lukete. Horregatik ez dute hartzen.