Irailaren 1ean aurkeztu zuten CaixaBank Mastersa bukatuta, irailaren 19an Logroñoko Adarra pilotalekuan hasi eta Logroñoko festetan erabakiko den San Mateo Pilota Torneoa. Azken ekitaldietan bezala, Txapelketa bi mailatan edo serietan jokatuko da, A Seriean eta B seriean. Final handiak irailaren 28an jokatuko dira.
A Seriean sei bikote lehiatuko dira guztira, hiru multzo bakoitzean. A multzoan dago torneoko sorpresa nagusia, Joseba Ezkurdia aurrelariak atzelari gisa jokatuko baitu: arbizuarra Altuna III.aren atzelaria izango da, eta ikusmin handia sortu du bikote honek. Zabaletak Zabala aurrelari errioxarrarekin osatuko du bikoa, eta A multzoko hirugarren bikoa irailaren 19ko aurretiko kanporaketako irabazlea izango da: Artola-Salaberri edo Zubizarreta III.a-Albisu. B multzoko bikoteak Jaka-Iztueta, Larrazabal-Mariezkurrena II.a eta irailaren 20ko atariko kanporaketako bikoa izango dira, Dario-Rezusta edo Peio Etxeberria-Martija.
B Seriean, promesetan, beste sei bikote lehiatuko dira. A multzoan Elordi-Gabirondo, Murua-Bikuna eta irailaren 19ko kanporaketako irabazleak, Agirre-Ugartemendia edo Alberdi II.a-Aranguren. Eta B multzoan Senar-Eskiroz, Amiano-Imaz eta irailaren 20ko kanporaketako irabazleak: Salaberria-Eskuza edo Exposito-Gaskue. Joanes Bakaikoak ez du tokirik izango.
Bestalde, irailaren 27ko Adarragako jaialdian Urzante olioa erronka jokatuko dute Aspe eta Bakiko enpresetako bikoteek lau eta erdian, binaka eta buruz buru. Oraindik ez dute zehaztu zein pilotarik jokatuko duten.
Partidetako sarrerak dagoeneko salgai daude Entradasfronton atarian.