Astekaria

"Sadarrera goaz bi astean behin, baina harmailak ez ditugu zapaltzen"

Mikel Etxaiz San Roman 2025eko irailaren 11

Iñaki Berastegi eta Eñaut Agirrebengoa kirol kazetariak. MIKEL ETXAIZ SAN ROMAN

Atseden tarte txiki bat hartu ondoren, hasiera eman diote denboraldiari Eñaut Agirrebengoa eta Iñaki Berastegi kirol kazetariek. Haien pasioa ogibide bihurtu zuten aspaldi eta txikitatik amesten zutena bizibide bilakatu zaie.

Kirol denboraldiak ez du etenik. Futbol liga amaitu gabe dagoelarik hasi egiten da txirrindularitza denboraldia. Eta txirrindularitza bukatu baino lehen hasi da berriro futbola. Atsedenik gabeko mundu horretan kokatu ziren Eñaut Agirrebengoa altsasuarra eta Iñaki Berastegi urdindarra. Urteak daramatzate zuzeneko kirol emanaldiak euskaraz ematen eta, momentuz, ez dute haien burua beste inon ikusten.

Ba al dago atsedenik kirol kazetariarendako?
Eñaut Agirrebengoa
. Egon badago, baina indarrez topatu behar da tarte hori. Ekitaldi asko daude baita udan ere eta gaur egungo denboraldiak geroz eta lehenago hasten dira, beraz, hor tarte handirik ez dago. Nire kasuan, futbol denboraldiaren lehenengo bi asteetan, normalean, oporrak hartzen ditut. Zuk bilatu beharreko tarteak dira.

Iñaki Berastegi. Ni nahiko nekatuta iristen naiz futbol denboraldi akaberara, beraz, ondorengo bi asteak oporretan pasatzen ditut beti. Ez da gomendagarriena, badakit, baina nik ezin dut deskonektatu. Nahiz eta oporretan egon, ez naiz lanean bezain adi egoten, baina informatuta egotearen gogoak segituan etortzen zaizkit.

E. Nik nire burua behartzen dut askotan, batez ere oporrak kanpoan disfrutatzen ditudanean, deskonektatzera. Mugikorra uzten saiatzen naiz eta ez diot ezeri jaramonik egiten, deskonektatzea oso zaila egiten zaidalako.

Txirrindularitza denboraldia, aste gogorrak izaten dira lehiaketak hasten direnean?
E.
Geroz eta gutxiago esango nuke. Honetara ere egokitu egiten zara. Nire kasuan, txirrindularitzan, kronikak idazten ditudanez, nire lana oso bat-batekoa da, berehalakotasun handikoa. Urtez urte geroz eta samurragoa egiten zait. Hasieran, nahiko jipoituta bukatzen nituen egunak, baina aurten, adibidez, oso gustura aritu naiz.

Zure kasuan, Iñaki, nola prestatzen duzu futbol denboraldia?
I.
Egiten dudan lehenengo lana bukatu den denboraldiaren datuak biltzea da. Gero, txantiloi berriak prestatzen hasten naiz eta denboraldi berriaren plangintzarekin. Hala ere, nire prestaketa egunerokotasunean irakurtzen eta begiratzen egiten dut batez ere. Eta urte guztian zehar ere horrela egiten dut. Partida baten atarian, bai prestatzen naiz espezifikoki. Aurkariak aztertzen ditut, etxekoa buruz dakit eta.

Osasunzaleak zarete txikitatik. Orain kirol kazetariak zarete. Oraindik zerbait berezia sentitzen duzue Sadarra zapaltzen duzuen bakoitzean?
E.
Urrun gelditzen zaigu kazetari gisa Sadarra zapaldu genuen lehenengo aldia. Ia 10 urte pasa dira jada. Orduantxe galdetu izan baliguzu zer den futbolari bat aurrez aurre elkarrizketatzea, edo Taxoare edo Sadarrean lan egitea, beste gauza bat erantzungo nizuke. Azkenean errutinaren zati bihurtzen da, asteroko lana.

I. Orain etxean bezala ibiltzen gara. Zorionez, ohitura hartu dugu eta normalizatu egin dugu, baina ni oso pribilegiatu sentitzen naiz.

E. Oinarria hori da: pribilegiatu sentitzea. Zure betiko kluba zure bizibide izatea oso berezia da. Hala ere, zure pasioa ogibide bihurtzen duzunean gauza batzuk ere galdu egiten dira. Oso emozionala den hori zerbait analitiko bihurtzen duzu. Sadarrera zoaz bi astean behin, baina harmailak ez dituzu zapaltzen. Eta hori ere faltan botatzen dut.

Futbola. Kiroletako erregea. Betetzen al du funtzio soziala?
I.
Nik pentsatu nahi dut baietz. Balio positibo garrantzitsu asko transmititu ditzake futbolak, aisialdirako kirol bat da, azken finean. Norberaren jarrera ere moldatu dezakeen zerbait da kirola, eta kasu honetan futbola. Hala ere, futbolak gizartean lagundu beharko luke gehiago. Gaur egungo futbol klubak oso urruti daude jendearengandik.

E. Jendeak eskatzen die jokalariei eredu izatea. Eta ez dute zertan izan behar. Egia da ogibidearen zati bat badela pertsonaia publikoa zaren heinean. Nik uste gizartean badaudela beste pertsonaia batzuk eredu bezala egokiagoak direnak eta ez ditugunak aintzat hartzen.

I. Neska-mutil gazteek futbolarien jarrerak imitatzen dituzte. Alde horretatik, futbolariak kontziente izan behar dira duten indarraz gutxienez, kaltegarri ez izateko. Gizartearen ereduak zergatik egon behar dira futbolean?

E. Askotan futbola gutxietsi egiten da. Oso futbolzalea den pertsona bat intelektualki gutxietsi egiten da. Ematen du ez gaudela mentalki hain ondo heziak. Nik esango nuke futbolak tresna gisa garrantzi handia izan dezakeela, adibidez, euskararen normalizazio eta hedapenean. Indarra egin beharko litzaioke hor.

Euskara hutsean egiten duzue lan. Etorkizunik al dute euskarazko kirol emanaldiek?
I.
Epe motzean, behintzat, bai. Indarra ikusten diot euskarazko kirol kazetaritzari. Nik badakit nire gauzen hedapena txikiagoa dela euskaraz egiteagatik, baina naturalki onartuta daukat eta ez daukat arazorik. Ezin gara lehia horretan sartu. Horrela ikasi dut, horrela sentitzen dut eta horregatik egiten dut euskaraz. Ez dut uste gaztelaniak irentsiko gaituenik, egia esan.

E. Komunikabide tradizionalek indarrean jarraitzen duten bitartean, behintzat, bai. Ikusi beharko da komunikazioaren munduak zein norabide hartzen duen. Garbi dago sare sozialek eta plataforma berriek geroz eta indar handiagoa hartzen ari dutela eta, beraz, hor egon behar duzu. Euskarazko kirol kazetaritzak hutsune hori bete behar du derrigorrez, belaunaldi gazteak hor baitaude. Irratia, egunkaria… nekez kontsumitzen dituzte gazteek. Egoera oso konkretu batean eta eszenatoki berri batean hezi dira gaur egungo gazteak, non kontsumo ohitura oso desberdinak dituzten. Behin heldu bilakatuta zer gertatuko den ikusi beharko da.

Entrenatu daiteke zuzeneko emanaldiak emateko?
I.
Espezifikoki ezin da entrenatu. Hiztegiak erabiltzen ditugu lanean ari garela. Hobetzeko tresnarik garrantzitsuena, beti bezala, esperientzia da. Ni ez naiz zehazki emanaldietarako prestatzen, baina irakurtzeko ohitura handia dudanez, hiztegia pixkanaka aberasten noa. Akatsak beti egiten ditugu, batez ere zuzenean. Nik nire burua entzuten dudanean, errepikakorra naizela ikusten dut, adibidez.

E. Norbera da bere epailerik zorrotzena. Azkenean ohitu egiten zara zure burua entzutera, baina arraroa egiten da batzuetan. Nik prestaketa espezifikorik ez dut egiten, ez. Elhuyarren sartu eta bilatu? Ez, ez. Hori ez dut egiten. Beharraren ondorioz, agian bai. Baina orokorrean, ez. Zuzeneko emanaldiak direnez, barneratu behar duzu egun batzuetan gauzak okerrago aterako zaizkizula eta beste batzuetan, hobeto. Bertsolariak bezala.

I. Hori da. Akatsak egiten direnean, zuzendu behar dira ahalik eta normaltasun handienarekin. Naturaltasun osoz. Horrela irakatsi ziguten hasieratik. Gainera, albistegietako kazetariek dutena baino presio txikiagoa dudala sentitzen dut. Nik egin dezakedan akatsak ez du ia garrantzirik. Alde horretatik, lasaiago noa emanaldietara.

Ia 10 urte kirol kazetari gisa. Aukeratu eman duzuen zuzeneko kirol emanaldi bat.
E.
Biok bat gatoz hemen. Bota, Iñaki:

I. Bereziena esango nuke Osasunak Sevillan jokatu zuen Kopako finala, nahiz eta galdu. Urte hartako finalerdia San Mamesen ere oso berezia izan zen, zoriontsuagoa. Gainera, aipagarria da Osasunak bere historian jokatu dituen bi finalak, bata, irratian entzun nuela Eñautekin, eta bigarrena, bere ondoan kontatu nuela zuzenean.

E. Ea hirugarrena ere irratian ematen dugun.