Alokairu Poltsan 30 etxebizitza daude

Guaixe 2025eko irailaren 9a

Sakana erdialdeko ikuspegia Etxarri Aranazko Hartzabaldik. ARTXIBOA

Foru administrazioaren helburua da lurralde osoan etxebizitza eskuragarrien parke publikoa handitzea eta alokatzeko utzitako etxebizitzen baldintzak eta bermeak hobetzea. Gobernuak Nasuvinsa enpresa publikoaren bidez kudeatzen du poltsa.

Nafarroako Gobernuaren Alokairu Poltsa 1.101 etxebizitza izatera iritsi da, hau da, 2019an baino %42 gehiago eta 2015ean baino %131,7 gehiago. Etxebizitza horietatik 684 (%62) Iruñerrian daude. Foru administrazioak jakinarazi duenez, Alokairu Poltsan Sakanako 30 (%2,72) etxebizitza besterik ez daude.

Hutsik dagoen etxebizitza gobernuari alokatzeko uzten dionak berme batzuk ditu. Zehazki, aurten Nafarroako Gobernuak ia %9 igo zuen etxebizitzak Alokairu Poltsarako uzten dituzten jabeei ordaindu beharreko prezioa. Gainera, beste abantaila batzuk ere baditu Alokairu Poltsak. Alde batetik, alokatutako etxearen jabeak errenta hilero modu seguruan eta puntualean kobratzen du. Bestetik, etxebizitza behar bezala mantentzen du, eta zazpi urteko lagapen epea bukatzean etxebizitza egoera onean bueltatzen du. Bestalde, etxebizitzaren titularrak itzuli beharrik gabeko zuzeneko dirulaguntza jasotzen du, hiru hilabeteko alokairuaren baliokidea, eta lortutako etekinetan %70eko zerga-arintzea jaso dezake.

Era berean, Nasuvinsa enpresa publikoak bere gain hartzen ditu etxebizitzako arrisku anitzeko asegurua, eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eta komunitate gastuak, 50 euro arte. Jaberen batek alokatu beharreko etxebizitza egokitzeko erreformak egin behar baditu ere, Nasuvinsaren bidez laguntza jasoko du. Esaterako, etxebizitza indarreko araudira egokitzeko beharrezkoak diren egokitze erreformak egiteko 22.500 euro arteko dirulaguntza ematen du. 

Alokairu Poltsaren bidez Nafarroako Gobernuak etxebizitzaren metro karratu erabilgarri bakoitzeko 6,17 euro ordaintzen ditu Nafarroako Gobernuak. Garajeengatik 72,47 euro eta trastelekuen metro karratu erabilgarri bakoitzeko 2,41 euro.