Astekaria

Beriaingo ermitaren zaharberritzetik 20 urte

Guaixe 2025eko irailaren 11

Obra hondakinaz betetako zakuak ermita ondoan. Helikopteroa garraio lanetan. ARTXIBOA

Egindako lana gogoratzeko bideo bat prestatzen ari dira, han eta hemen proiektatzeko asmoa dutena. Urtero egiten diren mantentze lanetarako dirua ateratzeko ere txapak eginen dituzte.

Beriain gainean dagoen ermitaren azken zaharberritze handia hasi zela 20 urte bete dira. Hala gogorarazi dute Beriain San Donato berrikuntza taldeko kideek. Baseliza hondatuta zegoen 2004. urtean. Hura berreraikitzeko saiakera batzuk martxan zeuden, baina proiektua luzatzen ari zenez, baselizarekin kezka zuten pertsonek aipatu taldea sortu zuten 2004an. Helburu oso argi zuten: "denek hain maite dugun leku horren berreraikitze lanak ahalik eta azkarren hastea".

Lanak egiteko dirua behar zen, eta hainbat ekimen abiarazi ziren orduan: kamisetak eta loteria txartelak saldu; mus txapelketa; Euskara kantak musika liburuen salmenta; San Donatora martxa arautua; dohaintzak; Uharte Arakilgo parrokian bilketa berezia; inguruko udaletxeei eta enpresei laguntza eskatu; Anaitasuna mendi elkarteak antolatutako koilaratxoen salmenta. Nafarroako Gobernuak ere laguntza eman zuen. Hala helikoptero batek materiala Uharte Arakildik mendi gainera igo zuten. Taldeak, gainera, Uharte Arakilgo Udalaren babes osoa jaso zuen.

Lanak 2005ean hasi zituzten eta 2007ko udaberrian despeditu zituzten. Zaharberritze lanetako azken egitekoa sarrerako atea jartzea izan zen. Inguruko 80 pertsona baino gehiagoren borondatezko lana eskatu zuen ermita zaharberritzeak. 

Beriain San Donato Berrikuntza taldeak lanean jarraitzen du. Beriaingo agorrileko urteroko erromeriaren aurretik ermitan mantentze, garbiketa eta egokitze lanak egiten dituzte taldekideek. Horretan aritzen direnei eskerrak eman dizkie taldeak. Lan horiek egiteko dirua behar da eta, lortzeko, txapa batzuk aterako dituzte. Gainera, zaharberritze lanak gogoratzen duen bideoa prestatzen ari dira, baita haren emanaldiak lotzen hasi ere. Bitarteak taldekideek eskatu dute: "txoko horretaz guztiok goza dezagun, guztiok ermita zaintzen laguntzea" eskatu du. 

Atzera eginda, Beriaingo ermita lautan berreraiki dela jaso da. Aurrena 1642koa da. Ordurako erromeriak dokumentatuta daude. 1888an ere, elurte handi batek hondoratu baitzuen. 1906an zaharberritu zuten. 1958an egungo itxura eman zioten.