Astekaria

"Nahiko genuke aurretik ordaindu behar ez izatea"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko irailaren 10a

Euskara ikasleak AEKren Itsasi euskaltegian. ARTXIBOA

Euskara ikastea dohainik izateko pausoa eman du gobernuak, A1 maila ikasten duten ikasleei matrikula gastuak bueltatuko baitizkie. Reyes Ilintxeta eta Castillo Suarez euskara teknikariek aukera baliatzeko deia egin dute. 

Nafarroako Gobernua euskararen irakaskuntzaren doakotasunaren aldeko pausoak ematen hasi da. Euskarabideak jakinarazi duenez, ikasturte honetan A1 maila ikasten dutenek matrikula dohainik izanen dute. Horretarako, gobernuak euskara ikasten duten helduei dirulaguntza emateko diru poltsa 210.000 euro, %60, handitu du, 560.000 eurora iritsiz. Gobernuko eta mankomunitateko euskara teknikariek eman dizkigute argibideak. 

Lehen pauso gisa, Nafarroako Gobernuak esan du A1 maila ikasten dutenek dohainik eginen dutela. 
Reyes. %100 arteko laguntzak emanen dizkiegu A1 maila egiten duten ikasleei. Saiatuko gara %100ekoak izan daitezen, baina denondako aski dirurik ez badago hainbanaketa egin beharko dugu.

Horretarako baldintzarik bada? 
R. Nafarroan erroldatuta egotea, 16 urte beteak izatea, euskaltegi batean matrikulatuta egotea, gutxienez klaseen %80ra joan izanaren ziurtagiria izatea eta Nafarroako Ogasuna eta Segurantza Sozialaren betekizunetan egunean egotea. Ikasleek matrikula egin ondoren Euskarabidearen laguntza eskatu beharko dute irailaren 1etik lastailaren 31 bitartean eta bi epetan (abenduan eta garagarrilean) ordainduko zaie dirulaguntza.

Beste mailekin zer gertatuko da?
R. Oraingoz ohiko laguntzak emanen dira, hau da, ordu kopuruaren araberakoak. Euskara ikasten dutenendako diru gehiago izateaz aparte, aurtengo beste berrikuntzak dira iraupen laburreko ikastaroak ere onartuko direla (10 ordutatik gorako ikastaroak) eta foru administrazioko langileek ere aukera izanen dutela dirulaguntzak eskatzeko administrazioko langile izateagatik dituzten kontraprestazioak eskatu ezean.  

Etorkizunean maila gehiagotara zabaldu nahi du doakotasuna. 
R. Asmoa bai, baina oraingoz ezin dugu zehaztu egutegia.  

Euskara ikasteak doakoa izan behar du. Aspaldiko eskaera da. 
Castillo. Hori da. Euskaraz ikasteak doakoa beharko luke, edozein dela ikaslearen udalerria edo ikasketa-maila. Gure arrangura da Sakanako herri batzuetan dohainik dela euskara ikastea, baina ikasleek aldez aurretik aurreratu behar dutela matrikulari dagokion kopurua. Nahiko genukeena da aldez aurretik ordaindu behar ez izatea, baina gaur den egunean ezinezkoa dugu arrazoi administratiboengatik.  

Lehen pausoa eman du gobernuak. 
C. Beti dira onak euskararen aldeko erabakiak. Gure azken xedea da ez dadila izan mailaren araberako "opari" bat, baina eskertzen da euskararekin harreman zuzenik izan ez duten horiek debalde eduki ahal izatea euskara ikasteko aukera. Alabaina, urtetako prozesua da euskara ikastea, diruaz aparte, denbora eta motibazioa eskatzen dituena. Erakunde publikoetatik egin behar duguna da euskara ikasleek izan ditzatela guneak ikasteko, hori erabiltzeko eta izan daitezen euskara irakasleen lan-baldintzak ahalik eta onenak.

Gobernuak A1 mailako dirulaguntzak emanen dituenez, Mank-ek bere dirulaguntzak beste mailetara bideratuko ditu? Horietan doakotasuna lortuko da? 
C. Sakanako Mankomunitateak diru sail bat du, gauzak ondo bidean, 2026an handituko dena. Gureak dirulaguntza osagarriak diren aldetik, zenbat eta diru gehiago eman Euskarabideak, Mank-ek ematen duen dirulaguntzaren ehunekoa handiago izanen da. Gainera, udal batzuek dirulaguntza osagarriak ematen dituzte. Beraz, gauzak ondo bidean, Sakanan iaz baino ikasle gehiagok jarritako diru kopuru osoa berreskuratu ahal izanen dute.

Bitartean, aurreko ikasturtean euskara ikasi zutenek dirulaguntza eskatzeko epea zabalik dute oraindik? 
C. Eskabideak aurkezteko epea 2025eko irailaren 30era bitartekoa izango da. Hortaz, garaiz daude.

Non aurkeztu behar dute eskaera?
C. Eskaerak Sakanako Mankomunitateko egoitzara ekarri behar dira, Lakuntzara. Bestela egoitza elektronikoan aurkez daitezke. Ez dira posta elektroniko bidez jasotako eskabideak aintzat hartuko, baina deialdiaren inguruko zalantza edo esatekoren bat izanez gero, Sakanako Mankomunitateko bulegoetara jo behar da, euskara1@sakana-mank.eus helbidera idatziz edo 948 464840 telefonora deituz. 

Gobernua, Mank eta udalak. Eskaera administrazio bakoitzean eskatu behar da? 
C. Mank-eko dirulaguntzari dagokionez, honako dokumentazioa aurkeztu behar da: eskabide ofiziala beteta, eskatzailearen nortasun agiriaren kopia, erroldatze ziurtagiria, euskaltegiak eginiko ziurtagiria asistentziari eta ordaindutako matrikulari dagokiona, Euskarabideari edota Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari egindako dirulaguntza eskaeraren kopiak eta beste administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako dirulaguntzen aitorpena. Mank-ek dirulaguntzak ebazten dituenean, ebazpen hori udaletara bidaltzen du. Dokumentazioa Mank-en dagoenez, udalek ez diote herritarrari berriz dokumentazio hori guztia zertan eskatu, baina egia da udal bakoitzak bere funtzionatzeko modua duela eta ez dela beti betetzen. Baina guk hori azpimarratu nahi dugu, alegia nahikoa litzatekeela ikasleek behin aurkeztea dokumentazioa.

Esan daiteke toki erakundeek orain dela gutxira arte gobernuak egiten ez zuena egin dutela? Euskara ikasleak diruz lagundu dituztela?
C. Toki erakundeek eutsi egin diete dirulaguntzei egoerarik txarrenetan ere. Ez bakarrik euskara ikasleen dirulaguntzei, baita euskaltegiei eta hedabideei zuzendutako dirulaguntzei ere. Ez dakigu zer gerta daitekeen etorkizunean Nafarroako Gobernuan. Horregatik garrantzitsua da udalek dirulaguntza lerroak mantentzea. Ezagutu ditugu Nafarroako Gobernuak dirulaguntzak ematen ez zituen garaiak.

Elkarrizketa hau irakurri dutenek zer egin beharko lukete orain? 
C. Pasa den ikasturtean aritu zirenek laguntza eskatu behar dute hilabete bukatu aurretik. Bestalde, gure aholkua da euskaltegian matrikulatzeko zalantza dutenek ez dezatela atzera egin, diruarengatik behintzat. Izaten da modua epeka ordaintzeko ere bai.