Cultur Izan musika, dantza eta ahozko adierazpen herrikoiak bultzatzeko programa bat da. Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea - Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatzen du, aurten hirugarren edizioa antolatu dute, eta Sakanan bi ekimen izanen dira: urriaren 10ean, Irurtzunen, eta urriaren 24an, Altsasun.
Programak Nafarroan kultura tradizionalean aritzen diren erakunde eta elkarteen proiektuak eta programazioak babestea eta bultzatzea du helburu, "tradizioa uztartzeko prestakuntzarekin, dibulgazioarekin eta kultura tradizionalaren oroimenarekin".
Cultur Izan Nafarroako hamalau herritan eginen da, tartean Irurtzunen eta Altsasun, eta emanaldiak askotarikoak izanen dira: ahozko adierazpenak, dantza, musika instrumentala, abesbatzak, tailerrak, kontzertuak eta Julio Caro Baroja Nafarroako Museo Etnologikoan eginen den erakusketa bat.
Sakanan
Bitan izanen da Cultur Izan 2025eko programazioa Sakanan. Urriaren 10ean, ostirala, 19:00etan, Irurtzungo kultur etxean, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen TX 8.0 ekimena izanen da. Familiei zuzendutako kontzertu didaktikoa emanen du Txistulari Elkarteak. Helburua txistura modu parte hartzailean hurbiltzea izanen da, eta ohiturazko musika tresnak honek azken hamarkadetan izan duen bilkaera ezagutzea. Txistuaren gaineko ezagutza zabaldu ez ezik, haren ahotsak, aldaerak eta beste instrumentuekin sor ditzakeen soinuak; publikoaren interesa piztu nahi du, eta horretarako emanaldian ere tokiko musika taldeak ariko dira. Sarrera doakoa izanen da, leku guztiak bete arte, eta aldez aurretik gonbidapena hartu behar da Irurtzungo Udalaren webgunean edo kultur etxean. Jarduera euskaraz izanen da.
Urriaren 24an, ostirala, Altsasuko Iortia kultur gunean, 18:00etan, Hutsun Txalaparta eta Teknotrakitana taldeen Txalaparta garatzen: Tinbre aldakorreko tresna baten aukerak aztertzen jarduera izanen da. Proposamena txalapartaren inguruan ikertzen eta esperimentatzen egotearen emaitza da; "esperientzia berritzailea eta parte hartzailea". Lehenengo aldiz musika tresna esperimental bat aurkeztuko dute, modelatu fisikoaren bidezko sintesian oinarritua: Soinu gorputz berean digitala eta analogikoa elkartzeko diseinatuta dago. Pablo Zartiegik eta Hutsun taldeko Mikel Urrutia eta Anai Ganbra Uriz txalapartariek erakustaldiak eginen dituzte, baita tresnari buruzko azalpen teknikoak eta sormen prozesuaren buruzko hausnarketak eginen dituzte ere. Sarrera doakoa izanen da, eta edukiera bete da.