Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, beste behin, Emakumeendako Atletismo Eskola sustatuko du. Aurten hamalau urte beteko ditu eskolak, eta helburua 18 urtetik gorako emakumeen artean kirol jarduera, osasuna eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzea da, giro atsegin eta lagungarrian. Horretaz gain, atletismo zale guztiei elkarrekin aritzeko aukera eman nahi zaie.
Emakumeendako Sakanako Atletismo Eskola irailaren 19an hasiko da. Ostiralero, maiatzaren 29ra arte, atletismoan trebatuko dira izena ematen duten emakumeek. Hobekuntza mailako taldekoen saioa 17:00etan hasiko da, eta hastapen mailako taldearena 18:00etan.
Izena ematea zabalik dago irailaren 12ra arte (683 343 854, kirolak@sakana-mank.eus). Ikasturte osoko kuota 60 eurokoa da. Eskola euskaraz izango da.
Eskola Sakanako Mankomunitateak antolatu du baina Nafarroako Gobernuaren, Altsasuko udaleko Emakumeen Bilgunearen, Iñigo Aritza ikastolaren eta Dantzaleku Atletismo Taldearen laguntza du.