Pilota

Zabaleta, Masterseko finalerdietako ordezkari sakandar bakarra

Guaixe 2025eko irailaren 8a

Ezkurdiak eta Iztuetak puntu bat lortu zuten Altsasun, baina tantoaveragearengatik ezin izan dira finalerdietara sartu. UTZITAKOA

Jakak eta Zabaletak Altunaren eta Eskirozen kontra galdu zuten, baina tantoaverageari esker lehen lau postuetan sailkatu dira. Ezkurdia eta Martija finalerdietatik kanpo geratu dira

Asteburuan CaixaBank Masterseko hasierako ligaxkako zazpigarren eta azken jardunaldia jokatu zen. Irailaren 5ean Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan jokatutako partidan Artola-Martijak Elordi-Albisuri egin zieten aurre. Bi bikoek hirugarren puntua lortu eta finalerdietan muturra sartzeko aukera zutenez, partida oso borrokatua izan zen. Partidak denetatik izan zuen: hasieran 10-6 aurreratu ziren Artola eta Martija, baina Elordik eta Albisuk erremontatu zuten eta 11-12 jarri ziren aurretik. Bigarren zatia gogorra izan zen: 18-16 zeuden aurretik Artola eta Martija, baina Elordik eta Albisuk 18ra eta 21era berdintzea lortu zuten. Azken tantoan, Artolaren sake-errematea behera joan zen eta 21-22 irabazita, Elordik eta Albisuk hirugarren puntua lortu zuten eta finalerdietako postuetan sartu ziren. 

Irailaren 6an Lekeitiok Masterseko bigarren partida jarraian hartu zuen. Altuna III.ak eta Imaz ordezkatu zuen Eskirozek Jaka eta Zabaleta izan zituzten aurkari. Kasu honetan, partidak ez zuen kolorerik izan, Altunak eta Eskirozek 22-9 hartu baitzituzten mendean Jaka eta Zabaleta. Altuna ikusgarri aritu zen eta jokoz kanpo utzi zituen Jaka eta Zabaleta. Etxarrengo atzelariak ez zuen gozatu eta ez zuen Eskiroz guztiz mendean hartu, eta Jaka erasokorrena ez zen ikusi. Ondorioz, Altuna eta Eskiroz euren gainetik pasa ziren. Emaitza Emaitza horren ondorioz, Zabala eta Mariezkurrena automatikoki sailkatu ziren finalerdietarako, eta Ezkurdia eta Iztueta finalerdietatik kanpo geratu ziren tantoaverageari begira. 

Sailkapenari begira, Altuna III.a-Imaz eta Zabala-Mariezkurrena II.a izan dira finenak, launa punturekin. Elordi-Albisuk, Jaka-Zabaletak eta Ezkurdia-Iztuetak hiruna puntu lortu dituzte, eta Larrazabal-Rezustak eta Artola-Martijak bina puntu. 

Finalerdiak
CaixaBank Masterseko finalerdiak irailaren 12an jokatuko dira, ostiralarekin, 21:15ean hasita, Nafarroa Arenan. Elordi-Albisu Zabala eta Mariezkurrenarekin lehiatuko dira, eta Altuna III.a-Imaz Jaka-Zabaletarekin. Jakak eta Zabaletak azkeneko partidako joera eta akatsei buelta eman beharko diote, Altunaren eta Imazen kontra aukeraren bat izan nahi badute. Irabazleek final handia irailaren 14an jokatuko dute, toki berean, 17:00etan hasiko den jaialdian.