Urbasako leze inguruan makina bat jende elkartu zen iraileko aurreneko igandean. Otsaportilloko memoria ekitaldia aurten Arruazuko eta Lakuntzako udalek antolatu zuten. Bertaratutakoei Maialen Arzallus bertsolariak egin ziren ongi etorria. Francisco San Roman eraildakoaren iloba da Maite San Roman. Berak eta bere iloba Xumai Ulaiarrek elkarrizketa izan zuten. Hartan memoria bizirik mantentzearen eta transmisioaren garrantzia nabarmendu zituzten.
Gorka Ovejero Ganboak eta Oihane Uribeetxeberria Garmendia alkateek gogoratu zuten Otsaportilloko lezeko indusketan 12 gorpuren arrastoak jaso zirela eta zortzi identifikatu zirela. Gainontzeko laurak identifikatzeko lanean segitzeko eskatu zieten memoria taldeei eta administrazioei. Aldi berean, adierazi zuten faltan sumatzen zutela identifikatutako zortzi gizonezkoen izen-abizenak inon ez agertzea. Bi alkateek zerrendatu zituzten.
Ekitaldia antolatu zuen batzordearen izenean Jokin Lanzek eta Jone Aretak hartu zuten hitza. Nabarmendu zutenez, Otsaportilloko ekitaldia “biktimen senideek aspaldi hasitako lanaren jarraipena da. Memoria etorkizuna askatasunean, justizian eta duintasunean eraikitzeko oinarria da”. Lide Sagarzazuk aurreskua dantzatu zuen bere anaia Gaizkaren doinura. Martin eta Julen Larrazak memoriarekin lotutako bi kanta eskaini zituzten. Eta ekitaldia auzatearekin despeditu zen.
Otsaportillon izan zirenen artean Ana Ollo Hualde zegoen, Lehendakariordea eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilaria. Baita Nafarroako Memoria Institutuko Historia Memoriako zuzendari Josemi Gaston Aguas ere.