Palestinaren alde, hotsa dariola

Guaixe 2025eko irailaren 8a

Genozidioa geratzea eskatzeko aldarrikapen zaratatsuak egin zituzten Lakuntzan, Etxarri Aranatzen eta Altsasun.

Gernika-Palestina herri ekimenaren deiari erantzunez, elkarretaratze zaratatsuak egin ziren Lakuntzan, Etxarri Aranatzen eta Altsasun irailaren 5ena, ostiralean. Aldi berean, Euskal Herriko ehun herritan baino gehiagotan egin ziren kontzentrazioak. Elkarretaratzeek genoziodioa stop! Israelekin harremanak hautsi orain leloa zuen. Bilkura zaratatsu horien bidez "Palestina sufritzen ari den genozidioa" geratzea eskatu zuten. 

Bilkuretan adierazi zutenez, “nazioarteko zigor gabetasunarekin palestinarrak sarraskituak dira, beren lurretik erauziak, desplazatzera behartuak, azpiegitura oinarrizkoak suntsituak… Goseak hiltzen, egarriak itotzen… Elikagai bila joandakoan tirokatuak, bonbardatuak, gau eta egun bonbardatuak". Adierazi zutenez, Europar Batasunak “Israelgo Gobernuaren jarreran nabarmen eragiteko tresnak", gaur egun “Israelen lehentasunezko merkataritza bazkidea eta arma hornitzaile nagusietako bat baita". Bestetik, tokiko erakundeak Israelekin dituzten erakunde, merkataritza, kirol eta mota guztietako harremanekin bukatzera" deitu zuten. 

Herri ekimenekoek adierazi zutenez, “Israel eta Benjamin Netanyahu berehalako su-etena aldarrikatzeko, negoziazioaren bideari ekiteko, Gazatik erretiratzeko, premiazko laguntza humanitarioa ez oztopatzeko eta desnutrizioaren aurka borrokatzeko eta gutxieneko bizi-baldintza duinak ziurtatzeko azpiegiturak berreraikitzera behartzeko unea da". 

Horrekin batera, kontzentrazioetan Gazako ospitaleen egoera ere salatu zuten. Hain zuzen, nazioarteko legeek babestutako gune seguruak izan behar luketela gogoratu zuten arren, “zaurituei eta umeen desnutrizioari ezin erantzun daude ospitaleak". Kazetarien jarduna ere gogoan izan zuten: “egoera ezin zailagoetan munduari genozidioa erakusten ari direnek". Gaza “kazetarien munduko hilerri" gisa definitu zuten. “Munduaren begien aurrean ari da Israel, begi bistan dugu triskantza, baina ez dugu erantzun irmorik. Ezin da gehiago luzatu ankerkeria hau", azpimarratu ondoren, elkartasun mezua bidali zuten Palestinara: “Nahikoa da! Genozidioari ez!"